Kaleen eta espaloien garbiketak aurrera darrai

Ataria 2018ko otsailaren 15a

Osatuz programaren lehenengo fasean lortzen ari diren emaitza onak ikusita, lurrun makinaz egiten ari diren garbiketa lanak herriaren hirigune guztira zabalduko ditu Amasa-Villabonako Udalak.

Urte honen hasieran Tolosaldea Garatzen eskualdeko garapen agentziaren bidez kontratatutako langileak kaleak eta espaloiak garbitzeko lanei ekin zieten alkatetzaren menpe dagoen hiri espazioak hobetzeko Osatuz programaren barruan.

Orain arte, aparejadorearekin eta obra eta zerbitzuetako lantaldearekin elkarlanean finkatu den kronograma jarraituz, Etxeondoko parkearen gunea eta auzoa, Larreako gune zabalak, kale Berriko erdi gunea ("akordeoiko etxeak"), kale Nagusiaren atzealdea (ibairantz ematen duena) Zubimusu zubiraino eta Arratzainera doan tunela garbitu dira.

Datozen egunetan autobus geltoki guztiak, Santio Kalea, Oriamendi, Arroa eta Larreako haur parkea egokituko dira. "Hirigunean ez dugu utzi nahi gune bat ere garbitu gabe; urte askotan aspektu hau ez da batere zaindu, eta emaitzak oso onak izaten ari dira. Joan zen egunean bizilagun batek esaten zidan bere espaloiko baldosak bi koloretakoak direla ohartu dela orain" azaldu du Maite Izagirre alkateak.

 

ATARIA ez da soilik komunikabide bat: komunitate baten ahotsa da, eta urte hauen guztien ondoren, zuen babesa behar dugu, inoiz baino gehiago: ATARIAk behar du Tolosaldea. Horregatik erronka bat daukagu esku artean: gure eskualdeko 28 herrietan hamarna harpidedun berri behar ditugu. Zu falta zara, bazatoz?


EGIN ATARIKIDE!