Aurtengo aurrekontua onartuko dute osoko bilkuran

Ataria 2018ko urtarrilaren 29a

Udaletxeko batzar aretoan egingo da ohiko osoko bilkura, gaur, 19:00etatik aurrera. 2018ko ekitaldiari dagokion aurrekontu orokorra onartzeko proposamena luzatuko du udal gobernuak.

2018rako udal aurrekontu proiektua aurkeztuko du EAJren udal gobernuak. EH Bilduko udal taldeak 16 zuzenketa edo hobekuntza aurkeztea erabaki du. Zuzenketa proposamen hauek udaleko Ogasun batzordean azaldu zitzaizkien udaleko beste alderdi politikoei eta zuzenketen azalpen zehatzak biltzen dituen dokumentua aurreko asteazkenean aurkeztu zuen ofizialki EH Bilduko udal taldeak.

Aurkeztutako zuzenketekin negoziazio fase bat zabaltzeko prestutasuna adierazi du Amasa-Villabonako EH Bilduk. Udal taldearen arabera, "proposatzen diren zuzenketen finantziazioa nondik lortuko den, "bigarren mailako kontua da", eta hor aldaketak egiteko guztiz prest agertu da koalizio abertzalea.

PSE-EEko bozeramale, Maria Luisa Arijak iragarri duenez, udal gobernuak aurkeztutako proposamenaren alde bozkatuko du gaurko osoko bilkuran, "erantzukizunagatik, garai zail hauetan hobea baita aurrekontua edukitzea ez edukitzea baino".

Hala ere, kritiko agertu da zinegotzi sozialista udal gobernuak aurkeztutako proiektuarekin, "punch" gabekoak direla iritzi dio. Udal gobernuak emandako hitza jan egin duela uste du, "zorrak kitatu orduko, inbertsiorako dirua egongo zela esan zitzaigun, baina ez da horrela izan". Arijak esan du Villabonak bizi kalitate hobea izan dezan, udalerrian eragingo duten proiektuei egin behar zaiela aurre; "aurrekontu hau kudeaketarako da, pertsonalerako gastua eta gastu korronteena handitzea erabaki du udal gobernuak, eta ondorioz, inbertsioak ez dira handitu". PSE-EEk azpimarratu du, gastu eta sarreren finkatzetik harago doala aurrekontua, partiden gehiketa hutsetik harago. "Aurrekontuak biltzen eta definitzen du gobernuaren ekintza eta haien inguruko balorazioa egiteko, kontuan hartu behar da EAJren gobernua Villabonan eramaten ari den jokaera".

Aurrekontu proiektuaren alde bozkatuko duela iragartzeko kaleratutako prentsa oharrean PSE-EEk dio herriko haur parke bat estaltzeko analisia egin behar dela eta aurrekontu hauekin Larreako parkea bakarrik konponduko dela. Beste hainbat egitasmo ere aipatu ditu udal talde sozialistak: kiroldegian egin beharreko berrikuntzak; erretiratuen egoitza zen eraikinean leihoak jartzea; eta herriko beste puntuetatik herrigunera gerturatzeko mugikortasun urritua duten 60 urtetik gorakoentzat Villabonako taxilariekin hitzarmena sinatzea.

Bestelako puntuak eztabaidagai

Horrekin batera, 2018 urterako plantilla organikoa eta lanpostuen zerrendaren hasierako onarpen proposamena onartuko da osoko bilkuran. Bestalde, Zubimusu ikastolak Txermingo eraikinaren berrantolaketarako obren gaineko zergan hobaria aplikatzeko proposamena eta hainbat batzordetan EH Bildu udal taldearen ordezkari titularra eta ordezkoa aldatzeko proposamenak eztabaidatuko dira.

ATARIA ez da soilik komunikabide bat: komunitate baten ahotsa da, eta urte hauen guztien ondoren, zuen babesa behar dugu, inoiz baino gehiago: ATARIAk behar du Tolosaldea. Horregatik erronka bat daukagu esku artean: gure eskualdeko 28 herrietan hamarna harpidedun berri behar ditugu. Zu falta zara, bazatoz?


EGIN ATARIKIDE!