Oinkariko 14 dantzari, Villabonako Soinu Zahar eta Aurresku txapelketan

Ataria 2018ko urtarrilaren 26a

Argazkia: Oinkari Dantza Taldea

Gipuzkoa eta Nafarroako 27 dantzarik hartuko dute parte, igandean, Gurea Antzokian jokatuko den bigarren kanporaketan.

XX. Gazteen Soinu Zahar txapelketako eta 24. Gipuzkoako Haurren Aurresku Ligako bigarren kanporaketak jokatuko dira, igandean, 11:00etatik aurrera, Villabonako Gurea Antzokian.

Bertan, Oinkari Dantza Eskolako 14 dantzarik hartuko dute parte, 12 emakumek eta gizonezko bik. Soinu Zahar txapelketan parte hartuko duten 16 dantzarien artean, Naroa Legara, Leire Arratibel, Alaia Santano, Iraia Cambra, Nahiet Jauregi, Udane Altuna, Alba Gutiérrez, Aiara Altuna, Maren Goia eta Enara Lertxundi billabonatarrak, Maddi Etxeberria asteasuarra eta Lorea Zabala adunarra izango dira. Udal Txistulari Bandak eskainiko dituen bi kantu dantzatu beharko dituzte, Ehun Dukat eta Zortzikoa.

Aurresku Ligan, berriz, 11 dantzari izango dira, eta horien artean, Gorka Duran billabonatarra eta Legazpiko kanporaketan hirugarren egin zuen Andoni Zumeta larrauldarra. Hauek ere bi kantu dantzatu beharko dituzte: Aurkez Aurkez (Desafioa) eta Txakolin.

ATARIA ez da soilik komunikabide bat: komunitate baten ahotsa da, eta urte hauen guztien ondoren, zuen babesa behar dugu, inoiz baino gehiago: ATARIAk behar du Tolosaldea. Horregatik erronka bat daukagu esku artean: gure eskualdeko 28 herrietan hamarna harpidedun berri behar ditugu. Zu falta zara, bazatoz?


EGIN ATARIKIDE!