Jostailu ez sexistak oparitzearen alde

Ataria 2017ko abenduaren 22a

Amasa-Villabonako Udalak adierazpen instituzionala onartu du Eguberrietako jostailuen inguruan hausnartzeko eskatuz

Joan den abenduaren 18an ospatutako osoko bilkuran udal talde guztiek adostu bezala, egunotan oparituko diren jostailuak ez sexistak eta hezkidetzaileak izateko deia luzatu du Amasa-Villabonako Udalak.

Osoko bilkuran onartutako adierazpenak dio Eguberrietan oparitzen diren jostailuetako askok «jarrera matxista, beliko eta etikoki zalantzazkoak» dituztela eta «tamalez» askotan normaltasunez ikusten dugula horrela behar ez lukeena. Horregatik animatu nahi dituzte herritarrak egun hauetan erosiko dituzten jostailuak «ez sexistak eta hezkidetzaileak» izatera. «Gure seme-alabentzat opari politena beraien etorkizunean oraingo gizarteak dituen gaixotasuna ez izatea da», gaineratu dute.

Udalak uste du, jolasaren bitartez besteekin erlazionatzen ikasten dutela umeek eta horregatik dela «oso garrantzitsua» erabiliko dituzten jolas eta jostailuen aukeraketa, horien bitartez, «inguruarekin interakzioa izatea lortzen dutelako».

Jolas egokia aukeratzeko hainbat galdera egiteko aholkatu diete herritarrei: «Aproposa da haurraren adinerako? Zein gaitasun landuko ditu jolasaren bitartez? Zergatik eskatu du jostailu hori? Norekin jolas daiteke jostailu horrekin? Era kooperatiboan jolasteko aukera ematen dio? edota askotariko erabilerak dituen jostailua al da aukeratu duzun hori?».

ATARIA ez da soilik komunikabide bat: komunitate baten ahotsa da, eta urte hauen guztien ondoren, zuen babesa behar dugu, inoiz baino gehiago: ATARIAk behar du Tolosaldea. Horregatik erronka bat daukagu esku artean: gure eskualdeko 28 herrietan hamarna harpidedun berri behar ditugu. Zu falta zara, bazatoz?


EGIN ATARIKIDE!