Lau bikoterentzat finalerako bi txartela besterik ez larunbatean

IƱaki Lizaso 2017ko abe. 22a, 08:00

Egiguren tolosarra sakea ateratzen. OTXABI

Urbieta-Aranguren eta Salaberria-Garmendia batetik eta Arrieta-Zezeaga eta Exposito-Telletxea bestetik, finalaren bila.

Bi jardunaldi besterik ez. Bi egun, hiru partida. Horiek dira falta direnak aurtengo VI. Antton Pebet Memorialeko txapeldunak nortzuk diren jakiteko.

Pasa den asteburuan Arrieta-Zezeagak bikoteak batetik, eta Exposito-Telletxeak bestetik, lortu zituzten larunbateko final-erdietan jokatzeko azken txartelak. Izerdi ederrak bota zituzten bi bikoteek. Arrieta eta Zezeagak 22-18 irabazi zuten Egiguren tolosarraren eta Lizeaga hernaniarraren aurka. Partida gogorra eta borrokatua jokatu zuten, agian dizdira handirik gabekoa, baina bai tentsio eta inplikazio handikoa. Bi bikoteak orekatuak ziren, gaztetasun eta beteranoen artekoa baitzen; baina Arrietak pauso bat aurrera eman zuen partidak behar zuenean eta garaipena lortu zuen. Lau pilotariek maila bikaina eskaini zuten.

Jaialdi berean, hauen ondoren jokatu zuten Exposito eta Telletxeak Olazabal aresoarraren eta Mariezkurrena iruñearraren aurka. Emozioz beteriko partida izan zen hau ere. Emaitza, aurreko partidako bera: 22-18. Expositok abiadura eman zion pilotari, Olazabalek artea pilotan zer den erakutsi zuen, Mariezkurrenak etorkizun oso hurbileko atzelaria dela baieztatu zuen eta Telletxeak esperientzia eta maisutasuna plazaratu zituen. Aipatu beharrekoa da Olazabalen prestutasuna. Ostiralean bertan, goizean,  deitu baitzitzaion antolakuntzatik partida jokatzeko, azken unean eskuko arazoak zituela eta Prietok ez zuela jokatuko esan baitzuen.

Horrela, larunbatean Villabonako Bear Zana pilotalekuan arratsaldeko 17:30ean hasiko den jaialdian eta sarrera doakoa izango duenean, bi partida hauetaz gozatu ahal izango da:  

Lehen partidan, Urbieta-Arangurenek Salaberria eta Garmendiaren aurka jokatuko dute. Jarraian, Arrieta-Zezeagak Exposito-Telletxea izango dituzte aurkari. Bi partida erakargarri eta interesez betetakoa. Bost gipuzkoar eta nafar bat. Urbieta asteasuarrak, bere esperientziaz baliatu nahiko du Goizuetako Salaberria gaztearen aurka. Azken honek, jokatu zuen aurreko partidan baina maila hobea eman beharko du partida irabazi nahiko badu. Atzelariaren aitzakiarik ez du izango; Lazkaoko Garmendiak maila ikaragarria erakutsi zuen final laurdeneko partidan, bi eskuekin pilota gogor astinduz eta kantxa zainduz. Maila berean agertu da Aranguren agiñarra Villabonara; gaztea izanagatik beterano gisa jokatzen aritu baita, punttu punttuan dago.

Arrieta hernaniarrak ez du lan erraza izango Astigarragako Exposito gaztearen aurka. Arrietak esperientzia handia du, pilota luzatzen du eta partida irabazlea da. Expositok ordea gaztearen lotsagabetasuna du, txapelketan ikusi den kolperik bortitzenetakoa. Ikusmin handia sortu du gazte honek. Atzean berriz berdin. Esperientzia Albizturko Telletxeak eta gaztetasuna Bergarako Zezeagak. Kolpe handiko bi pilotari nor baino nor.

Larunbatean, beraz, atal guztietan oso orekatuak diren lau bikote elkartuko dira azken txanparako: gazteak eta beteranoak nahasirik ageri baitira eta indarra eta teknika uztartzen baitira. Baldintza guztiak beraz bi partida ikusgarri izateko.

Ez diogu hau kapritxo hutsagatik: lagun gaitzazu . Eduki hau guztia doan ikus dezakezu euskarazko hitzik gabeko Tolosaldea ez dugulako irudikatzen. Atarikide, iragarle eta erakunde askoren laguntzarik gabe ez litzateke posible hori. Gero eta komunitate handiagoa sortu, orduan eta sendoagoa izango da Ataria: zurekin, zuekin. Ez utzi biharko gaur egin dezakezun hori: egin zaitez Atarikide!


EGIN ATARIKIDE!