Asteburuan ezagutuko dira finalerdien protagonistak

IƱaki Lizaso 2017ko abe. 14a, 12:24

Arrieta-Zezeaga eta Exposito-Telletxea ageri dira faborito gisa. 

Faborito izateak ez du 22 tantora iristea bermatzen. Ongi dakite hori pilotariek. Ostiralean, 19:00etan hasita, final laurdenetako bi partida jokatuko dira Villabonako Bear Zana pilotalekuan, eta bertan, erabakiko dira abenduaren 23ko finalerdietan jokatuko dutenen izenak. Aurretik, Behar Zana talde antolatzaileko pilotari den Eñaut Aranburuk infantilak Gipuzkoako txapelketako ekialdeko final laurdenekoak jokatuko ditu buruz buru eta lau t’erdi barruan, 18:15ean hasita.

Lehen partidan, hasierako hautaketan ez zeuden bi pilotarik jokatuko dute, eta ez mailarik ez dutelako. Pilotari on askoren artean egin behar da aipaturiko lehen hautaketa, eta zaila izaten da antolatzaileentzat lan hau. Aukera bikaina dute beraz, Ioritz Egiguren Tolosako aurrelari gazteak eta Markel Lizeaga hernaniar atzelari indartsuak. Bikote berria osatuko dute. Freskoa eta txispa bizikoa. Beraien aurkariak Arrieta hernaniarra eta Zezeaga bergararra izango dira, azken hau Zezeaga pilotari profesional ohiaren semea. Halako egurra, halako ezpala. Azken hauek, 22-8ko emaitzaz erraz irabazi zuten beraien final zortzireneko partida Zubiria eta Eskirozen aurka, atzean zein aurrean aurkariak baino gehiago izan baitziren.

Faborito gisa ageri dira Arrieta eta Zezeaga baina pilota borobila denez, eta partidak 22ra, edozer gerta liteke; Ioritz Egiguren joko puntu oso onean baitago eta bere maila erakusteko irrikan irtengo da Bear Zanako kantxara. Lizeaga berriz, eliteko partidak jokatzeko gose etorriko da. Partida irekia eta erakargarria.

Bigarren partida ez da nolanahikoa izango. Aurrean bi pilotari elektriko eta bizik jokatuko dute. Fase buru Exposito astigarragarra eta Telletxea Albizturkoa. Biek badakite zer den Antton Pebet oroimenezkoan jokatzea. Eta nagusi mailan txapela irabaztea zer den ere bai. Telletxeak txapela etxera eramana du lehen ere, eta berriro irabaztera etorriko da. Laguntza ezin hobea izango du aurrean. Pilotari elektrikoa izango du lagun, aire joko ona eta indartsua duena. Pilota kantxa barruan sartzen badu, pilotari oso arriskutsua da Exposito. Telletxea bera, inguruan ezagutzen dute pilotazaleek. Ezker elegante eta bikaina du eta maila bikainean jarraitzen du azken hilabeteetan bezala.

Beraien aurkariak Prieto bizkaitarra eta Mariezkurrena II nafarra izango dira. Prietok, Eneko Labaka ordezkatuko du. Ez du aurrelari txarragoa izango Mariezkurrena gazteak. Zubizarreta bezalako izen handiko pilotariak irabazita dator Villabonara Prieto. Aurrelari azkarra da, aireko jokoa oso ongi menperatzen du eta tantoa azkar bukatzea gustuko du. Atzetik, Mariezkurrena II, bi beso luzedun etorkizun handiko atzelaria. Pilota oso egoki luzatzen du eta gero eta gutxiago galdu. Partida hau ere oso irekia ageri da nahiz eta lehenak faborito ageri diren.

Bi partida hauetako irabazleek abenduaren 23an jokatuko dute finalerdietako partida. Pasa den abenduaren 5ean jokatu ziren beste final laurdeneko partidak.

Batetik, Urbieta eta Aranguren sailkatu ziren Alberdi eta Gorrotxategi mendean hartuta eta bestetik Salaberria eta Garmendia pasa ziren 23ko azken aurreneko fasera Urmeneta eta Urruzolari irabazita. Hala, abenduaren 23ko lehen partida Urbieta-Aranguren eta Salaberria-Garmendia izango da eta bigarrena asteburu honetan erabakiko da.

Ostiralean, aukera paregabea pilotaz gozatzeko eta doan.

Ez diogu hau kapritxo hutsagatik: lagun gaitzazu . Eduki hau guztia doan ikus dezakezu euskarazko hitzik gabeko Tolosaldea ez dugulako irudikatzen. Atarikide, iragarle eta erakunde askoren laguntzarik gabe ez litzateke posible hori. Gero eta komunitate handiagoa sortu, orduan eta sendoagoa izango da Ataria: zurekin, zuekin. Ez utzi biharko gaur egin dezakezun hori: egin zaitez Atarikide!


EGIN ATARIKIDE!