Duela bi urteko Gipuzkoako Bertsolari Txapelketako finalean izan zen Oihana Iguaran (Amasa, 1991) baina ez du Euskal Herrikoan kantatzeko aukera izango. Kontentu agertu da, ordea, egindako bidearekin.
Kolpe gogorra izan al da zuretzat finalera ez sartzea?
Kolpe bat izan da jendeak hala helarazi didan momentutik. Ni ez nago egindako lan guztiekin aseta, baina pozik nago egin dudan bidearekin, besteak beste, ikusten dudalako bide luzeago baten parte bat dela. Lehenengo Txapelketa Nagusia nuen, hiru saioetan abesteko aukera izan dut, oso posible zenean lehenengo fasean geratu izana. Uste dut tartean bertsoaldi onak joan direla. Neure buruari hanka sartzeko zilegitasuna eman behar diot, bestela oztopo bat izango litzatekeelako kantuan jarraitzeko. Pena handia hartu dut, oholtzatik jaitsi eta jendearen disgustua ikusi dudanean. Poztekoa da eskualdeko bertsolariek eman dutena eta pena handiz hartzen dut ni BECen ez sartzea porrot bezala kontsideratzea.
Zuk ez duzu horrela bizi izan.
Ez. Finalean sartzea ikusten nuen amets handi bat bezala, momentu batean posible zena. Baina Iruñean ez nuen nahi nukeen distirarik erakutsi. Pena bat nabarmendu behar banu, nik nahi nuen maila on horrekin ez bukatu izana da. Hortik atzerakoak ikasketaren parte iruditzen zaizkit.
Esan egia. Zure buruan larunbat goizean ba al zegoen BECera joateko aukera?
Bai. Leitzakoa eta gero hankak oso lurrean neuzkan. Ikusten nuen nire inguruko jendea urrutiegi eramaten ari zela saio bateko puntuazioa. Larunbat goizean kontziente nintzen behar nituen puntu horiek lortzeko gai nintzela baina garbi neukan oso saio ona egin beharko nuela. Gehiago esango dizut, Iruñean neukan gogoa, presio horiek denak ustez erantzita, arriskatzera joateko. Bertso gogoangarri batzuk utzi nahi nituen eta berdin zitzaidan ariketa batean erori behar banuen hurrengo batean dena emateko. Gero zer eta dena gris pasa zen. Jarreraz intentzio hori eraman nuen baina ez nuen lortu.
Zer erakutsi du Oihanak txapelketa honetan? Zerekin geratu zara gustura?
Zaila egiten zait esatea. Oso pozik nago Leitzan gozatu egin nuelako. Momentu horretan akatsa ere iruditu zitzaidan, nire gozatze horretan hanka sartzeak ere egin nituelako. Atzera sentimendu hori errepikatzea kosta zaidanarekin, berriz errepikatuko nuke. Oso pozik nago neure buruari plaza horretan disfrutatzeko lizentzia eman niolako, neukan tentsio guzti horren gainetik.
Zer emateko gogoarekin geratu zara?
Gauza asko. Landutako gai askoren inguruan esateko gauza dezente neuzkala sentitzen nuen. Bestetik nahi nuen jendeak nabaritzea plazan hartu dudan eskarmentutxoa. Niri gustatzen zaidan bezala egin bertsotan: natural, bizi, lurtar, kristoren dramarik gabe, ondokoari erantzunez, bertsokideak zer esaten duen entzunez... Batzuetan ezinean sentitu naiz, egun guztiak ez direlako berdinak izaten. Pena horrekin geratu naiz.
Durango edo Iruñea. Bietako zeinekin konformeago?
Durangon oholtzan gaizki pasa nuen, nahiz eta ez transmititzen saiatu nintzen. Nire buruarekin borroka handia izan nuen, eta oholtzan gaizki pasa nuen bezala digestioa positiboa izan zen. Oso gaizki hasitako saio batean, ustez, burua altxatzen asmatu nuelako bukaeran. Amorrazio hutsetik egin nuen, eta sentitu nuen zerbait utzi nuela han. Oso pozik sentitu nintzen egun txar bat kudeatzen asmatu nuelako. Aldiz Iruñean, oholtzan ez sufritzea hitz eman nion neure buruari, horra iritsita gozatu egin behar nuelako. Ofiziotan natural eta tiki-taka ari nintzen, ahaleginean eta lanean. Ez dut uste saio txarra egin nuenik, kartzelan izan ezik. Oso gogorra izan zen niretzako, momentu horretan jabetzea ez nuela ezer eskaintzeko. Trago hori askotan gogoratu zait geroztik.
Perspektibarekin begiratuta. Zein bide egin duzu bertsogintzan orain arte?
Bertso eskolako neska bakarra izan nintzen urte luzeetan, bertsoekin behin baino gehiagotan frustratu zena, oholtza beretzako ez zela sinesten zuena, bertsoa utzi behar zuela eta balio ez zuela dozena bat aldiz pentsatu zuena. Eta bertsoa utzi ez zuena lagun talde polit bat sortu zitzaiolako. 2011n, Gipuzkoako Bertsolari Txapelketara bertsoarekin gozatzen hasita aurkeztu nintzen. Sailkapen fasea pasa nuen, eta garai hartan oso pozik nengoen horrekin. Hortik aurrera ilusio handiz egin dut lana: bertsotarako gai sentitu naiz baina gai sentitu naizenean ere ez dut aukerarik izan. Gazte sariketetarako gonbidapena behar izaten zen eta nik ez dut sekula nabarmentzea lortu, ezta eskolartekoetan ere. Asko kosta zait bide bat egitea. Azkeneko Gipuzkoako Txapelketa izan zen lehenengo atea indarrez jo nuena eta uste dut pena dela, lehenengo atea indarrez jo dudanean eta behingoagatik lortu dudanean jendeak entzutea, bat-batean zeinen azkar erre zaidan aukera hori.
2017an zenbat saio egin dituzu?
Ez dakit esaten. Iaz baino gutxiago, erdiak edo. Iazkoa ez zen oso errealista izan. 2015eko finala eta gero hor egon zen ilusio puntu bat eta ni ezagutu nahi horretan eraman ninduten herri askotara. Zorionez, pila bat ikasi dut baina uste dut nire maila baino plaza gehiago izan nituela momentu batean. Pozik nago, hala ere, puztutako egoera hori ez delako hutsera etorri.
Zeinen erraz ahazten zaion jendeari zu lehen ez zeundela hor.
Orain badirudi eliteko bertsolari bat naizela edo harrizko estatua bat. Duela bi urte plazara begira ez nintzen existitzen. Orain ez dut esan nahi banaizenik nor, nire zalantza guztiekin igotzen naizelako oholtzara eta hauskor izaten segitzen dudalako. Baina ahalegin handi bat egiten ari naiz ilusioa dudalako, oso gustura ari naizelako eta gauza interesgarriak deskubritzen ari naizelako. Uste dut bide luze baten abiapuntuan nagoela eta oraindik erori eta hanka sartu beharko dudala, esploratu beharko ditudala bide ezberdinak.
Zortzitik zazpi finalistek errepikatuko dute lau urte pasa eta gero.
Ez alferrik. Uste dut batetik badela belaunaldi bat sekulako lana egin duena. Garaiak aldatu dira, bertsogintza aldatu da eta pertsona horiek, lan handia egin eta gero, egokitzen jakin dute. Hori aitortu behar zaie. Gainera, hor badaude pertsona batzuk bertsotara emanda bizi direnak eta beren egunak horretarako dituztenak. Horrek logikoa den bezala bere oihartzuna izan beharko luke txapelketan. Eta beste gauza bat ikusten joan garena, inbutua estutu ahala, eskarmentuak ere laguntzen duela.
Zu zerorri, Miren Amuriza, Julio Soto... belaunaldi berri bat badator. Final-laurdenetako fasea pasa eta gero, uste genuen finalean seguru sartuko zela zuetakoren bat.
Bai. Nik ere ilusioak neuzkan. Miren ikusten nuen indartsu, zein ibilbidetatik zetorren, zenbat urtetako plaza eskarmentua duen eta bere ahotsa nola birpentsatuta duen ikusita. Eta gero beste asko ikusten nituen, freskura batekin, asmatuz gero sorpresa eman zezaketenak. Momentua iritsiko da. Ondo bidean tokatuko da horietakoren bat finalean ikustea. Aurten izan zitekeela pentsatu dugu denok uneren batean. Baina botere erreala jokoan jarri denean, agertu dira ordura arte ikusten ez genituen beste tentsio batzuk.
BECen bi edo hiru emakume ikusteko aukera zegoela esaten zen. Ez da posible izan.
Aurten lau eta lau ziren Bizkaiko finalean, esate baterako. Bideak esango du. Pertsonalki gertatu zaidana kolektiboki ere sentitu dut. Final-laurdenen ostean izugarrizko euforia sentitu, igual neurriz kanpokoa, eta orain berriz ezer ez dela aldatu pentsatzea. Baina ez da horrela. Gauza asko aldatu dira. Aurrez egindako lana eta utzi diren bertsoaldiak historiarako geratuko dira: orain arte ez zaio inoiz hilekoari kantatu zaion bezala kantatu, adibidez. Hori, hortaz, ez da ezer ez gertatzea. Txapelketa honetan nabaritu egin da aldaketa eta uste dut horretan fokua jarri behar dugula. Euforiatik etsipenera segundo erdian jotzen dugu eta uste dut bide honek hori baino zerbait gehiago merezi duela.
Presiorik sentitu al duzu txapelketak iraun duen denboran?
Ez dut sentitu itomenik. Bi hilabete eta erdiz, gaiak aztertu, saio bakoitzaren digestioa aletu, jendearen bertsoaldiak begiratu, zuk zer kantatuko zenuen pentsatu, bertso eskola egin... etengabe aritu gara. Nekatuta iritsi izanaren sentsazioa dut, hori bai. Leitzara puntu xamarrean iritsi nintzela pentsatzen dut eta gero agortu bezala egin naiz. Gehiago egin nezakeenaren sentsazioarekin geratu naiz, baina aldi berean pozik, final-laurdenak pasatzeko helburua neukalako eta azkenean bi finalaurrekoetan kantatzeko aukera izan dudalako. Lehenengo urteko nobato izaera horrek faktura pasa dit, baina uste dut hortik ikasiko dudala. Behar dut nire denboratxoa hartu, gauzak bere lekuan kokatu, pozak eta penak klasifikatu eta errealitatera ekarri, euforia ez delako inoiz hain euforia izaten eta tristura hain tristura ere ez. Haragi bizian bizi dugu dena.
BECen zer gertatuko dela iruditzen zaizu?
Saio galanta entzungo dugula iruditzen zait. Aitor Mendiluzeri aukera denak ikusten dizkiot. Eskarmentua bakarrik ez den gaitasun bat du: dena oso azkar eta oso era praktikoan disekzionatzen du. Gaiak, hitzak eta ikuspegiak. Erabakiak azkar hartzen ditu eta gehienetan egoki gainera; Eta gero exekuzioan maisu bat da, goitik behera ekartzen baitu hizketa molde ikaragarri natural eta aldi berean sakona. Erakustaldi galanta eman dezake. Ikusiko dugu.
Entzun elkarrizketa Hari naizela bertso saioan.