Gurea zinema aretoa berritu du Villabonako Udalak

Jon Miranda Labaien 2017ko urr. 11a, 11:42

Butaka berriak jarri, eta horrekin batera, beste hainbat egokitzapen egin dituzte irisgarritasun irizpideak eta herritarren erosotasuna aintzat hartuta, itxuraldaketa handia eman diote Villabonako antzokiari.

Amaitu dira Gurea zinema aretoa berritzeko lanak eta aurreko asteburuan eskaini ziren lehenengo emanaldiak. Herritarrekin ospatuko dute obren bukaera eta horretarako urriaren 21 eta 22an heldu zein haurrentzako ikuskizun bana prestatu dituzte, doan.

Villabonako Udalak iazko aurrekontuan zinema berritzeko diru partida gorde zuen eta Ascender enpresak irabazi zuen lehiaketa. Butaka berriak jarri eta 45.534 euro baliatu dituzte horretarako. Maite Izagirre alkatearen esanetan, «erosoagoak eta zabalagoak dira eta espero dugu herritarren gustukoak izatea».

Butaken distribuzioa aldatu egin dute Gurea aretoan. Erdian korridorea zabaldu dute eta beraz, sartu-irtenak erraztu egingo dira. «Irisgarritasun irizpideak ere kontuan hartu ditugu. Gurpildun aulkian datozenentzat ilara oso bat egongo da aretoaren erdi parean. Butakak kendu eta bertan egoteko aukera izango dute, eta ez orain arte bezala bazter batean», esan du Izagirrek.


 

Eserlekuak aldatzearekin batera beste hainbat egokitzapen egin dituzte aretoan. Goiko solairuan bigarren leiho bat zabaldu dute, «etorkizunean beste proiektore bat ekartzen bada». Gainera, korridorea markatzen duten argi baliza berriak jarri, moketa kendu eta paretak margotu dira. «Zorua ere berria da, zapaldutakoan zaratarik egiten ez duena».

Antzokietan erabiltzen diren irizpideak baliatu dituzte Gurea zinema aretoa eraberritzeko eta itxuraldaketa honekin, «erakargarriagoa eta txukunagoa» dagoela dio alkateak. Geroz eta jende gehiago gerturatzen da bertara eta haiengan pentsatuta egin dituzte egokitzapen lanak.

25 urte inguru ziren zinema aretoan moldaketarik egiten ez zela eta beraz berrikuntza lanak herritarrekin ospatzeko asmoz, dohainik bi emanaldi eskainiko dira urriaren 21ean eta 22an. Larunbatez, Uhinak musika eta dantza emanaldia izango da eta igandean, Go!azen telesailaren kapitulua estreinatzeko bi saio eskainiko dira.

 

INAUGURAZIO EKITALDIAK

URRIAK 21, LARUNBATA

19:30. Uhinak. Musika eta dantza emanaldia Klara Mendizabal (sopranoa), Ana Iparragirre (piano jotzailea), Amaia Gutierrez (biolin jotzailea) eta Maialen Urdanpilletaren (dantzaria) eskutik.

URRIAK 22, IGANDEA

16:00 - 17:00. Go!azen. Azaroaren 3an ETB1n estreinatuko den telesailaren lehen kapitulua eskainiko dute Gurea antzoki berrituan. Bi saio egingo dituzte aurretik izandako arrakasta ikusita. Emanaldiak doan izango dira, baina gonbidapenak hartu behar dira Gurea zineko leihatilan. Asteburu honetan (14, 15 eta 16an) har daitezke gonbidapenak (pertsona bakoitzak sei hartu ahal izango ditu gehienez) leihatila irekita dagoenean; hau da, zinema emanaldi bakoitza baino 30 minutu lehenago. Gonbidapen gehiago badaude, Go!azen telesailaren emanaldien aurretik ere jaso daitezke.

Ez diogu hau kapritxo hutsagatik: lagun gaitzazu . Eduki hau guztia doan ikus dezakezu euskarazko hitzik gabeko Tolosaldea ez dugulako irudikatzen. Atarikide, iragarle eta erakunde askoren laguntzarik gabe ez litzateke posible hori. Gero eta komunitate handiagoa sortu, orduan eta sendoagoa izango da Ataria: zurekin, zuekin. Ez utzi biharko gaur egin dezakezun hori: egin zaitez Atarikide!


EGIN ATARIKIDE!