Villabonako santioak 2017

"Ongi igaro aurrenak eta ongi ere azkenak"

Ataria 2017ko uzt. 21a, 13:23

Santio festak aurkezteko ekitaldiak, "jaiak errespetuz eta tolerantzia bultzatuz" igarotzea eskatu du Maite Izagirre Amasa-Villabonako alkateak.

Santio egunean ohikoa zen goizeko zazpietan egiten zen Dianan, Villabonako Udal Bandak billabonatar guztiak esnatzea Dulce despertar doinuarekin. "Ongi igaro aurrenak eta ongi ere azkenak" dio martxaren azken esaldiak. 90ko hamarkadan Kepa de Miguel txistulari pasaiatarrak, obrari letra jarri zion, herrian kanta zedin. Harrezkero Villabonako himno edo ereserki bihurtu da.

Luis Oharrichena 1892an jaio zen ataundarrak, Villabonako bandako zuzendari eta organista izan zenak idatzi zuen Dulce despertar obra. Abesbatzetarako lan erlijiosoak, eguberrietako piezak eta beste zenbait obra idatzi zituen. Aurten, jai egitarauan jaso nahi izan dute Villabonako martxaren letra, Maite Izagirre alkateak esan duenez, "ikas dezagun eta pixkanaka gureganatu dezagun".

Erasorik gabeko festak

Iaz abiarazi zuen kontzientziatze eta prebentzio lanekin jarraituko du aurten Amasa-Villabonako Udalak eta sexu eraso eta biolentzia matxistaren aurkako kanpaina "indartu" egingo dutela adierazi du Izagirrek. Horretarako bi ekimen aurkeztu ditu.

Alde batetik, Ez da ez leloa daramaten zapi berdeak atera ditu udalak eta festek irauten duten bitartean gizonezkoen lepoan lotuta ikusteko desioa adierazi du alkateak, "emakumeen aurkako biolentzia baztertzeko pausoa emanez". Bestalde, txosna batzordearekin adostuta, edalontzi berrerabilgarriak atera dira aurten eta Beldur Barik leloa eramango dute, "mikro-matxismo eta dominazio jarrerak alde batera uztea bultzatuz".

Izagirrek nabarmendu duenez, Udaltzaingoarekin eta Ertzaintzarekin elkarlanean erasotuak sentitzen diren emakumeek nora jo dezaketen esplikatuz azalpenak jaso dituzte aurtengo jai egitarauan.

Aurtengo nobedadeak

Joxean Cubero, Amasa-Villabonako udaleko kultura teknikariak azaldu ditu aurtengo egitarauaren inguruko xehetasunak. Aipatu duenez, "aurreko urteetako ildoari jarraitzen diote aurtengo Santioek". Nabarmendu dituen ekitaldien artean uztailaren 31n antolatu duten Gora Kale-Txiki Bandaren emanaldia dago. Txistulari plazan izango da eguraldi ona izanez gero, bestela Gurea zinemara aldatuko dute.

Santioetan Kantari kalejirari aurten, abeslariez gain, dantzariak batuko zaizkiela aipatu du Cuberok eta azpimarratu du jubilatuen eta gazteen egunean antolatu duten kontzertua. "Herritarrek emandako botoek erabakita Kaotikok joko du hilaren 26an eta Villabonako Udalak erabaki du, telonero bezala joko duen taldea herriko Desira izatea".

Emaitza onak eman zituen iaz kuadrillen bazkarirako mahaiak banatzeko erabaki zuten sistemak. "Hori ikusita aurten ere errepikatzea erabaki dugu", esan du kultura teknikariak. Hortaz, izena eman duten kuadrillen artean mahaiak banatzeko hurrenkera, asteleheneko txupinazoan aterako den zenbakiak markatuko du.

Mertxe Garmendia kultura zinegotziak nabarmendu du, baita ere, uztailaren 30ean izango den irristaketa lasterketa. Iaz ez zen egin, baina aurten berreskuratu egin dute, ibilbidea aldatuta: "abiadura murrizteko jartzen diren sakanguneengatik norabidea aldatu eta Zubimusu zubitik hasi, Sacemgo zubiraino joan eta Kale Nagusitik barrena egingo da lasterketa".

Festen aurreko ekimenak

Astelehenean hasiko diren arren festak, larunbatean jazz emanaldia izango da Debora Carterren eskutik Berdura plazan, 20:00etatik aurrera. Donostiako Heinekin 52. Jazzaldiaren barruan ariko da gaur eta Villabonara etorriko da bihar Iñaki Askunze, Javier Juanco, Gonzalo Tejada eta Guillermo McGillekin batera. "Doako sarrera izango du kontzertuak" aipatu du Garmendiak. Ella Fitzgeralden jaiotzaren mendeurrena ospatzen denez, bere errepertorioarekin osatuko dute kontzertua. "Espero dugu arrakastatsua izatea kontzertua eta Tolosaldeko jendea ere hurbiltzea".

Hori bera opa nahi izan du alkateak aurtengo festetarako: "Billabonatar eta kanpoko guztiek ondo pasa dezatela eta errepikatzeko gogo hori piztu dadila guztien baitan". Esker hitzak izan ditu Izagirrek festa batzordean parte hartzen duten herritarrentzako eta aipatu du bertan erabaki dutela aurten nork botako duen jaien hasierako suziria: Villabonako Odol Emaileen elkarteak. "Lan talde bikaina da", esan du alkateak.

Ez diogu hau kapritxo hutsagatik: lagun gaitzazu . Eduki hau guztia doan ikus dezakezu euskarazko hitzik gabeko Tolosaldea ez dugulako irudikatzen. Atarikide, iragarle eta erakunde askoren laguntzarik gabe ez litzateke posible hori. Gero eta komunitate handiagoa sortu, orduan eta sendoagoa izango da Ataria: zurekin, zuekin. Ez utzi biharko gaur egin dezakezun hori: egin zaitez Atarikide!


EGIN ATARIKIDE!