Amasa-Villabonako odol emaileen elkarteak astelehenean 18:00etan botako du aurtengo festei hasiera emateko suziria, Santio egunaren bezperan. Erreboteko plazan gauean egiten den herri afariarekin eta ondoren kultur etxetik abiatzen den danborradarekin emango diote errematea festen lehen egunari. Onddo gazte asanblada arduratu da aurten danborrada antolatzeaz eta gaur Zatorran dute azken entsegua 19:30ean.
Santio egunean ohiturazko ekitaldiak eta emanaldi berriak tartekatuko dira. Urtero egin ohi den gisan, korporazioak bisita egingo du Santiago egoitzara eta Erreboteko plazan zinegotziak eta gainerako herritarrek Oinkari dantza taldearekin batera soka dantza dantzatuko dute. Arratsaldean, sokamuturra izango da plazan.
Santio bigarrena, Santa Ana eguna, herriko Erretiratuen eta Gazteen Eguna izango da. Lehenengoek Txermingo ikastolan egingo dute bazkaria eta Berdura plazan bigarrengoek. Ondoren bakoitzak bere martxa segiko du. Gazteek kalejira egingo dute Orkestra Nazionalarekin eta gauean, herritarrek erabakitako kontzertuak izango dira plazan, Desira eta Kaotiko taldeen eskutik.
Egun bateko atsedena hartu ostean, ostirala, uztailaren 28a Kuadrillen Eguna izango da Villabonan. Etxeondoko parkean egingo da bazkaria eta eguna Honat izeneko taldeak alaituko du goizaldera arte.
HERRITARREN EKIMENAK
Aurreko urtean probatutako bideari jarraituz, aurten ere, herritar talde bat bildu eta Santiotan Kantari ekimena prestatu du uztailaren 29rako, larunbaterako. Goizean 11:30ean eta arratsaldean 18:00etan abiatuko dira Bearzana frontoitik. Beharrezko entseguak egin ondoren, antolatzaileek herritarrak gonbidatu dituzte kantujirarekin bat egitera. Eguna borobiltzeko, Zunbeltz elkarteak urtero bezala, txekor jatea eta sagardo dastaketa egingo ditu Txermingo ikastolan.
Oinkari dantza taldeak ere bere hondar aletxoa jarriko du aurtengo Santiotan. Festetako hainbat ekitalditan parte hartzearekin batera, urtero bezala, Erromeri Eguna antolatuko du, uztailaren 30ean, igandean. Arratsaldeko 17:30ean hasita hainbat plaza talde ariko dira goizaldera arte. Tartean, sagardo eta pintxo dastaketa eta urteroko bertso saioa izango dira. Amaia Agirre herritarraren esanetara ariko dira Amets Arzallus, Andoni Egaña, Beñat Gaztelumendi, Maialen Lujanbio, Oihana Iguaran eta Unai Mendizabal, 22:30ean Txermingo ikastolan.
San Inazio eguna izango da festen azken eguna. Jai egitarau ofizialean agertzen ez bada ere, Remi Ayestaran 2009an zendutako hautetsi billabonatarrari omenaldia egingo zaio egun horretan, 20:00etan bere izena da raman etorbidean.
Onddo gazte asanbladak egunotarako antolatu dituen ekitaldiekin osatu duen egitarauaren barruan sartu du Remi Gogoan ekimenak antolatzen duen omenaldia. Horrekin batera, astelehenean bertan hasita, Villabonako Gaztetxean hainbat kontzertu izango dira eta besteak beste, Kalera, kalera martxari ongi etorria egingo zaio asteazkenean.
LARUNBATEAN, JAZZA eta OSTIRALEAN, SAGARTU
Ameriketako Estatu Batuetan jaio eta Europan bizi den Deborah J. Carter abeslariak doako kantaldia eskainiko du Erreboteko plazan etzi 20:00etan. Heineken Jazzaldia 2017ko izarretako bat izango da eta Musikene Musika Kontserbatorioko instrumentu talde baten laguntza izango du.
Bestalde, joan den uztailaren 8an Zarautzen estreinatu zuen Oinkari dantza taldeak, Hika Teatro taldearekin batera osatu duen ikuskizun berria: Sagartu. Aurreko asteburuan Alegian eskaini ondoren, herriko Santio jaien aurreko asteburuan eskainiko dute Txistulari Plazan, bihar, 22:30ean.
SANTIOAK, IRUDITAN
Uztailaren 31n, 23:00etan festei amaiera emateko, herritarrek helarazitako argazkien proiekzioa egingo da plazan. Irudiak e-mailez bidali daitezke santioakirudietan@gmail.com helbidera edo telefonoz 662 188 423 zenbakira.