Aurten ere bi ikerketa proiektu sarituko dituzte Mintzolak eta Mikel Laboa katedrak

Ataria 2017ko uztailaren 17a

Argazkia: XDZ

Eskaerak aurkeztu ahal izango dira urriaren 15a bitartean. 2.000 euroko bi ikerketa proiektu sari eskainiko dituzte.

EHUko Mikel Laboa Katedrak eta Mintzola Ahozko Lantegiak bi ikerketa proiektu sari esleituko dituzte, geroko tesiak bultzatzeko helburuarekin eta ikertzaile gazteei edota hasiberriei bultzada emateko asmoz. Ikergai nagusia bertsolaritza duten proiektuak gauzatzeko banatuko dituzte 2.000 euroko bi diru laguntza. Edozein jakintza alorretik aztertu ahal izango dute ikerlariek bertsolaritza.

Bestalde, master amaierako lanen proiektuak lehenetsiko dituzte, baina beste ikerketa lan monografiko batzuen proiektuak ere onartuko dira. Edozein modutara, unibertsitateko irakasle-doktore baten bermea beharko du proiektuak.

Eskaerak aurkezteko informazioa Mintzola eta Mikel Laboa katedrako webguneetan izango dute interesatuek eta eskaerak aurkezteko azken eguna urriaren 15a izango da. Handik hilabetera argitaratuko da ebazpena.

Bertsolaritza ikergai

Mintzola Ahozko Lantegiak, EHUko Mikel Laboa katedrak eta Euskara eta Ikerkuntza errektoreordetzak 2013an abiatu zuten bertsolaritzari loturiko ikerketak egiteko bidea eta ordudanik areagotu egin dira gai honekin lotutako azterketa lanak. Proiektu saria lortutakoek tesirako proiektuak ere aurkeztu dituzte gerora.

Oihana Iguarani esleitu zioten iaz ikerketa proiektu hauetako bat, agenda settingak bertsolaritzaren diskurtsoan duen eragina ikertzeko. Amasarrarenarekin batera, abian dauden ikerketa horietako zenbait ezagutzeko aukera izango da EHUko Uda ikastaroetan, abuztuaren 24an eta 25ean, Donostiako Miramar Jauregian. Oraindik ere izen emateko aukera dago Bertsolaritzaren kantaera eta sormena ikastaroan.

ATARIA ez da soilik komunikabide bat: komunitate baten ahotsa da, eta urte hauen guztien ondoren, zuen babesa behar dugu, inoiz baino gehiago: ATARIAk behar du Tolosaldea. Horregatik erronka bat daukagu esku artean: gure eskualdeko 28 herrietan hamarna harpidedun berri behar ditugu. Zu falta zara, bazatoz?


EGIN ATARIKIDE!