Legealdi erdia bete denean udal gobernuaren balantzea

Tolosaldeko Ataria 2017ko uzt. 4a, 07:31

2015-2019 legealdiaren erdia bete den honetan, Villabonako Udaleko EAJren udal taldeak balorazio hau egin nahi izan du udala gidatzeko bere gestioaren balantze gisa. Zortzi puntu aurkeztu ditu, "aurrerabiderako".

 

1.- Gobernatzeko era berri bat

 

2015eko maiatzeko udal hauteskundeetan herritarren gehiengoak lehen indar politiko gisa beraien ordezkari izateko aukeratu gintuenean, argi genuen gobernatzeko estiloa era bat aldatu beharra zegoela gure herriak zituen arazo anitzak konpontze bidean. Aurreko legealdiko gobernu-taldearen estilo agresiboak oso okertuta zituen alderdi politikoen arteko harremanak, eta horretaz gain, programen nahiz herritarrek nahi ez zituzten sistemen inposizioan oinarritutako politika bat genuen abiapuntu. Aurreko urteetan ikusi ez bezalako gizarte-elkarbizitzaren egoera gaiztotu batetik abiatzen ginen.

 

Alkatetza hartu genuenean, hasiera batetik argi eduki genuen udal politikaren oinarri izan behar zuten joko-arauak etengabeko elkarrizketa eta negoziazioa izan behar zutela, akordioak eta adostasuneko espazioak lortzeko. Lehen urrats gisa proposamen bat egin genuen alderdi guztiak gehiago inplika zitezen udalaren kudeaketan, eta gaur, EAJk, EH Bilduk eta PSEk (alderdi guztiak) hartzen dute parte Gobernu Batzarrean.

 

Bigarren lorpena EAJ-PNVren iniziatibaz zaborren gai eztabaidatuaren inguruan elkarrizketa-mahai bat martxan jartzea izan da. Hainbat elkarrizketa-hilabete ondoren lortutako akordioa agerikoa da: hondakinen bilketa sistema erosoa, malgua eta eraginkorra, herritarren babes handia duena eta %82ko gaikako bilketa portzentaia lortu duena (atez ateko laidoztatuak lortutakoa baino askoz ere handiagoa). Hori gutxi balitz, zerbitzu berriak dozenaka mila euroko aurrezpena suposatu dio udalari.

 

Etengabeko elkarrizketan oinarritutako gobernu-estiloari esker ere, Malkar plazako etxeetako bizilagunen konpentsazio ekonomikoa bezalako gai batek, orain arte heldu nahi izan ez denak, soluzio on bat izan du.

 

2.- Memoria eta elkarbizitza

 

Aurreko legealdian tamalez gertatzen ez zen bezala, EAJ-PNVk ezarri duen gobernatzeko estilo berriak akordio berriak gauzatzea lortu du ezberdinen arteko elkarbizitzaren defentsa bezalako hain gai garrantzitsuan. Gaur, harro esan dezakegu gure herrian lehenengoz 2016an alderdi guztiek elkarrekin parte hartu dugula gure herrian biolentzia politikoaren biktimen aldeko Memoriaren Egunean. Bestalde, memoriak inoiz ere ahanzturan oinarritua ezin duela egon ulertuz, Elkarbizitza eta Memoria Historikoaren inguruan Udal Batzorde bat eratu dugu, bertan kontsentsuz garatzen direlarik gaiak. Elkarbizitza sustatzearen osotasuneko gure ideian ere ezin ahaztu ditzakegu beste bi iniziatiba: lehenik eta behin, "Baratze Parkea"ren inaugurazioa, aisialdirako baratzeen gunea, ziurrenik elkarrizketarako eta herriko familiak elkartzeko gune berriak ekarriko dituena; bigarrenik, Oriamendi auzoa eraiki zeneko 60. urteurrena ospatzeko bizilagun talde baten ekimen zoragarria.

 

3.- Amasa-Villabona erritmo onean doa.

 

Aurreko legealdian, gai "politikoagoen" gehiegizko nagusitasuna eta gure herrirako proiektu eta inbertsiorik eza izan ziren ezaugarriak. Atez Ateko sistemak beste gaietara bidera zitekeen ahalegin askoren galera ekarri zuen, eta horretaz gain, herriaren diru-kutxarako inoiz ez bezalako galera ekonomikoa suposatu zuen.

 

Gaur, egoera hori aldatzen ari gara. Gai "politikoagoak", gure ustetan kasu gehienetan Eusko Legebiltzarrera edo Batzar Nagusietara joan beharko luketenak, horrenbeste pisu ez dute jada. Kudeaketak du lehentasuna, herritarren eguneroko arazoei erantzuna emateak, zorroztasun ekonomikoak eta proiektu nahiz inbertsio berriak garatzeko baliabideak lortzeak.

 

3.1.- Erakunde arteko elkarlana. Errealitate berri bat.

 

EAJ-PNVtik beti egin dugu apustu erakunde arteko elkarlanaren alde, herritarren bizitza kalitatea hobetzen joateko bide egokien gisa. Zentzu horretan, gobernuko lehenengo bi urte hauek oso emaitza onak eman ditu.

 

3.1.1. Oria ibaiaren ubideratzea eta Zubimusu zubia

Eusko Jaurlaritzako Herri-Lanetako departamentuarekin hertsiki egindako elkarlanari esker, Oria ibaia ubideratzeko bigarren fasea amaitu dugu. Ezinbesteko obra zen hori uholdeak ekiditeko, eta gainera, ingurumeneko berme guztiekin burutu da, epe ertainera Oria ibai ertzek landaredia edukiko baitute. Gaur, urtarrilaren amaierako euri bizien ondoren erakutsi zen bezala, "Ula" auzoko bizilagunak lasaiago egongo dira.

 

Bestalde, inoiz ez dugu ezagutu Zubimusu zubia orain bezain ordenatua. Oinezkoentzako espazio fisikorik gabeko zubi narriatu batetik, pertsonentzako segurtasun arrisku handia zuena, oinezkoentzako eta bidegorrirako mugatutako guneak dituen zubi moderno batetara pasa gara. Udalak, gainera, "Ula" auzoaren urbanizazio berria negoziatu du Eusko Jaurlaritzarekin, baita zubiaren argiztapena ere.

 

3.1.2. Arratzain ikastetxe publikoa handitzea eta pilotaleku berria.

Azken bi urte hauetan oso harreman estua mantendu izan dugu Eusko Jaurlaritzako Hezkuntza sailarekin. Hainbat eta hainbat elkarrizketen ondorioz, Arratzainen Erniobea BHIko institutuaren eraikina handitzea lortu da.

 

4.- Herritarren Arretarako Zerbitzu berria

 

EAJ-PNVn betidanik ulertu dugu administrazioak herritarrengandik gertu egon behar duela, eta udala arazoak konpontzeko dagoela, ez arazoak areagotzeko. Legealdi honen hasieran teknologia berriei egokitutako Herritarren Arretarako Zerbitzu moderno, eraginkor eta erabilerraz berri bat abian jartzeko azterketa-prozesu bati ekin genion. Udaleko gestio gehienak "leihatila" bakar batean zentralizatzea zen ideia, eta horrela, horietako asko eta asko era telematikoan egiteko aukera ematea. Gaur, udaletxearen etxabean kokatuko diren lokal berri horiek eraikitzeko obrak jadanik esleitu zaizkio BIGARA enpresari, eta dena ondo badoa, 2017ko azaroan Herritarren Arretarako Zerbitzu berria abian egongo da.

 

5.- Erakundeekin eta elkarteekin akordioei, bai.

 

Akordioa izan da gure ekintzaren leitmotiva, eta kontzeptu hori Amasa-Villabonako hezkuntza-erakundeekiko nahiz kultur eta kirol erakundeekiko harremanari aplikatu diogu. Legealdian zehar hitzarmen desberdinak itxi ditugu laguntza ekonomikoak emateko hain zerbitzu ona ematen ari diren ia erakunde guztiekin, bai jolaserakoak nola kultur edo kirol arlokoak. Elkarlan honetan, lehenengoz urtetan, egonkortasun juridikoa eman zaio etengabeko elkarlanari. Horren erakusgarri, Gurea zinema kudeatzeko aurten Parrokiako Zentroarekin sinatu den elkarlanerako hitzarmena.

 

6.- Inbertsio txikiak, baina inbertsio handiak.

 

Aurrera eraman ditugunak ez dira guztiak inbertsio handiak izan. Maila ekonomikoan inbertsio txikietaz ere arduratu gara, horiek handiak izan direlarik pertsonen egunerokotasunean arazoak konpontzeko. Adibidez, eserleku berriak eta liburuak itzultzeko kaxa liburutegian, Oinargi dantza taldearen entsegu-lokalaren egokitzapena, kaleko hezitzaileentzako lokal berria Txerminen, mahai eta parrila berriak Komizar parkean, Jubilatuen elkarteko edaritegiko eserleku berriak, zine proiektagailu berria, Sacemeko entsegu-gelatan segurtasuneko pertsiana berriak, udan zine aretoan ipiniko diren eserleku berriak…

 

7.- Amasa

 

Amasak, bere identitate propioarekin, arreta berezia izan du gure udal-jokabidean. Azken hilabeteetan, etorkizuneko belaunaldiak haien gurasoak jaio ziren tokian bertan beren bizitza-proiektua garatu dezaten, etxebizitza multzo bat eraikitzea ahalbidetu dugu Amasan. Gainera, duela hilabete batzuk Lizarraga baserrirako bidea hobetu eta egokitzeko obrak amaitu dira.

 

8.- Etorkizunerako erronkak.

 

Legealdi erdiko balantze honetan ez diogu hurbileko iraganari bakarrik begiratu behar, baita etorkizunari ere. Lehen aipatu dugun gobernu estilo berriaren ildotik, gure lehentasunak hiria berroneratzeari eta elkarbizitzako eremu berriak eraikitzeari zuzenduko zaizkio. Horretarako, laguntza eskatuko da Gipuzkoako Foru Aldundia bezalako erakunde publiko ezberdinetan.

Orain arte bezala aurrera jarraitzeko ideiak, ausardia eta lanerako gogoa ditugu. Horri adostasun politikoa eta herritarren arteko elkarlana eransten badizkiogu, gauzak ongi joango dira Amasa-Villabonan.

Erlazionatuak

Ez diogu hau kapritxo hutsagatik: lagun gaitzazu . Eduki hau guztia doan ikus dezakezu euskarazko hitzik gabeko Tolosaldea ez dugulako irudikatzen. Atarikide, iragarle eta erakunde askoren laguntzarik gabe ez litzateke posible hori. Gero eta komunitate handiagoa sortu, orduan eta sendoagoa izango da Ataria: zurekin, zuekin. Ez utzi biharko gaur egin dezakezun hori: egin zaitez Atarikide!


EGIN ATARIKIDE!