Legealdiaren erdia eginda, PSE-EEn balantzea

Tolosaldeko Ataria 2017ko eka. 26a, 11:00

Villabonako PSE-EEko udal taldeak 2.700 eskuorri banatuko ditu egunotan, legealdia hasi zenetik bi urte igaro direnean. Maria Luisa Arija bozeramale sozialistak azpimarratu duenez, bi urteotan "bizikidetza hobetzeko" akordioak hartu dira eta udal kudeaketa "bideratu" egin da.

Hondakinen bilketa sistema, memoria historikoa, herriko Emakumeen Elkarteari emandako bultzada eta tokiko merkataritza laguntzeko ekimenak azpimarratu ditu Arijak. Ongizate sailean "egindako ahalegina" ere azpimarratu du, "momentu zailak igaro ditugu eta beraz, herritarren beharrei arreta eman eta zerbitzua hobetu behar da".

Bi urte hauetan "behar bezalako aurrerapena" egin dela uste du zinegotzi sozialistak, baina legealdia bukatu bitartean oraindik ere "egiteko asko" dagoela uste du. Besteak beste, eskualdeko garapen agentzia bultzatu behar dela iritzi dio Arijak, lan merkatua hobetzeko; eta Herritarrei Arreta emateko bulegoa martxan jartzeari ere garrantzia eman dio, "kudeaketa azkarragoa eta eraginkorragoa" izan dadin. Epe motzera sozialisten udal taldeak helburu bezala jarri dituen helburuak dira.

Legealdiaren bide erdian, herritar guztiei eskerrak eman dizkie Arijak, "nigandik hurbil egoteagatik urteotan". Villabonan zinegotzi lanetan daraman denboran astero herritarrekin egon da zinegotzia udaleko talde sozialistaren bulegoan egin diren topaketetan. "Badakit zuen ekarpenen bidez egin duela udalak aurrera", esan du eta beste behin ere herritarren esanetara dagoela gogoratu du. Asteartero 10:30tik 14:00etara udaletxeko bulegoan egongo dela gogorarazi du Villabonako udaleko PSE-EEko zinegotziak.

Puntu batzuk azpimarratu ditu alderdi sozialistak:

-Hondakinak: herritarrek bosgarren edukiontzia erabiltzeko erakutsi duten "portaera egokia" izan dela uste du Villabonako PSE-EEk eta hori dela-eta hazi egin da birziklapen tasa udalerrian.

-Tokiko merkataritza: udal talde sozialistak uste du "ezinbestekoa" dela Villabonako merkatarien elkartearen jarduera sustatzea, "tokiko merkataritza dinamizatzeko eta enplegua sustatzeko".

-Hirigintza: hiriaren mantentze lanak eta argiteria hobetzeko eta udaleko arkitektura oztopoak kentzeko konpromisoa hartu du PSE-EEk.

-Berdintasuna: genero proposamenak aztertzeko konpromisoari eusten dio sozialisten udal taldeak, "udalerrian benetako berdintasuna sustatzeko".

-Kirola: kirol jarduerak areagotzearen aldeko apustua egiten du alderdi sozialistak; Sozialisten esanetan, "futbol zelaia berritu egin da talde sozialistak aurkeztutako mozio bati esker".

-Parke estalia: PSE-EEk konpromisoa hartzen du hurrengo udal aurrekontuetan benetako proposamena eta eraginkorra izango dena prestatzeko, Larrea haur parke estalirako.

-Alokairu kontratua: Gizarte Ekintzaren bidez, alokairu sozialen sarea eratzea eskatzen du talde sozialistak, "beharrizan egoeretan dauden herritarrentzat".

Ez diogu hau kapritxo hutsagatik: lagun gaitzazu . Eduki hau guztia doan ikus dezakezu euskarazko hitzik gabeko Tolosaldea ez dugulako irudikatzen. Atarikide, iragarle eta erakunde askoren laguntzarik gabe ez litzateke posible hori. Gero eta komunitate handiagoa sortu, orduan eta sendoagoa izango da Ataria: zurekin, zuekin. Ez utzi biharko gaur egin dezakezun hori: egin zaitez Atarikide!


EGIN ATARIKIDE!