Maiz, Espainiakoan ere nagusi

Ataria 2017ko eka. 19a, 15:32

Eneko Maiz billabonatarrak, urrezko domina lortu du Espainiako txapelketako finalean, trinkete modalitatean.

Aurreko astean, Villabonako Behar Zana klubaren izenean jokatu zuen Euskal Herriko Binakako txapelketako finala. Senior mailan izan zen, Oier Gurutzealde astigartarrarekin batera, Barañaingo Lagunak taldeko Santamaria-Etxamendi bikotearen aurka. Oraingoan, eskuz banakako finala irabazi du, estatu mailakoa.

Bi setetan irabazi zuen finala (15-8 eta 15-11) Garatea errioxarraren aurka, Iruñeako Mendillorri trinketean. Lehenengo tantoetan, 10-1 aurreratu zen Maiz, "ondo hasi nintzen, eta abantailari eustea lortu nuen". Bigarren setean, ordea, lehenengoan baino gehiago kosta zitzaion aurrelari billabonatarrari; "eskua pixka bat mindu zitzaidan, eta gehiago sufritu behar izan nuen garaipena lortzeko".

Orain, urri partean, Argentinako Buenos Aires hiriburuan jokatuko den modalitate honetako 22 urtez azpikoen munduko txapelketa du begiz jota Maizek. "Bertan, mundu osoko pilotarien aurka jokatzeko aukera izango dugu", adierazi du. Espainiako selekzioarekin hautatua izan da, eta udaran zehar egingo dizkiete froga fisikoak. "Ekainaren 24an, larunbata, egingo dizkigute lehen frogak, Iruñeako Larrabideko zentroan".

Froga horiez gain, udaran zehar, entrenamendu eta froga gehiago egin beharko ditu jokalariak, onenen artean egon nahi badu. "Trinketean egin beharrekoak izango dira, bai fisikoak, baita teknikoak ere". Frogak egin ondoren esango diote onenen artean jokatzeko hautatua izango den hala ez.

Erlazionatuak

Ez diogu hau kapritxo hutsagatik: lagun gaitzazu . Eduki hau guztia doan ikus dezakezu euskarazko hitzik gabeko Tolosaldea ez dugulako irudikatzen. Atarikide, iragarle eta erakunde askoren laguntzarik gabe ez litzateke posible hori. Gero eta komunitate handiagoa sortu, orduan eta sendoagoa izango da Ataria: zurekin, zuekin. Ez utzi biharko gaur egin dezakezun hori: egin zaitez Atarikide!


EGIN ATARIKIDE!