Eneko Maiz, Euskal Herriko txapeldun

Ataria 2017ko ekainaren 12a

Eneko Maiz billabonatarra, txapela eta dominarekin, kopa eskuan duela, Oier Gurutzealde bikotearekin batera. TOLOSALDEKO ATARIA

Oier Gurutzealde astigartarrarekin batera osatu zuen bikotea aurrelari billabonatarrak, eta 40-15 irabazi zuten Abadiñoko Tornosolo trinketean.

Villabonako Behar Zana klubaren izenean jokatu zuten finala, atzo, senior mailan. Barañaingo Lagunak taldeko Santamaria-Etxamendi bikotearen aurka, "uste baino errazago" irabazi zutela aitortu du Maizek.

Orain, Espainiako txapelketa du begiz jota billabonatarrak, kasu honetan, banaka jokatu beharko duena. Hori irabazteko, lehenik, Alvaro Garatea pilotari errioxarraren aurka neurtu beharko ditu indarrak, Iruñeako Mendillorri trinketean jokatuko den finalean. Ostiral honetan izango da partida hori, arratsaldeko 19:00etan.

Horrez gain, iraila amaieran, Argentinako Buenos Aires hiriburuan jokatuko da modalitate honetako 22 urtez azpikoen munduko txapelketa. Maiz, Espainiako selekzioarekin hautatua izan da, eta udaran zehar egingo dizkiete froga fisikoak. Frogak egin ondoren esango diote onenen artean jokatzeko hautatua izango den hala ez.

ATARIA ez da soilik komunikabide bat: komunitate baten ahotsa da, eta urte hauen guztien ondoren, zuen babesa behar dugu, inoiz baino gehiago: ATARIAk behar du Tolosaldea. Horregatik erronka bat daukagu esku artean: gure eskualdeko 28 herrietan hamarna harpidedun berri behar ditugu. Zu falta zara, bazatoz?


EGIN ATARIKIDE!