'Mugaminak' lana ikusgai gaur Subijanan

Ataria 2017ko api. 6a, 16:10

Pasa den hilabetean Mundu bat ahoz aho ikus-entzunezkoarekin egin bezala, apirilean ere proiekzio bat izango da Amasa-Villabonako Subijana etxean, Mintzola Ahozko Lantegiaren egoitzan: Mugaminak dokumentala eskainiko da.

Ikus-entzunezkoan gidari lanak egiten dituen Amets Arzallus ere bertan izango da proiekzioaren ondoren egon daitezkeen galderei eta iruzkinei erantzuteko. Hitzordua gaur izango da, 19:00etatik aurrera eta sarrera doakoa izango du emanaldiak.

Lan honek Amets Arzallus bertsolaria du protagonista, eta bertsolariak berak Hiriburutzaren Europa Transit enbaxadarekin batera Ziprera egindako bidaia kontatzen du; bertan duela 50 urte baino gutxiago bizitako gatazkaren ondorioak ezagutuko ditu bertatik bertara.

1974tik, Zipre uhartea Europan zutik dagoen azken harresiak zatituta dago. Muga horrek uhartea bi komunitatetan banatzen du: greziar-zipretarra eta turkiar-zipretarra. Iazko uztailean, Donostia 2016ren Europa Transit enbaxada ibiltariarekin bat egin eta irla bisitatu zuen Arzallusek. Herrialde horretan badago bat-bateko eta ahozko poesiaren tradizioa. Bertako musikari eta poetekin harremanetan jarri eta haiekin herrialdearen gaur egungo egoera ezagutu zuen. Bidaia hori kontatzen du Mugaminak lanak.

Xuban Intxaustik zuzendutako filma Donostiako Zinemaldian aurkeztu zen lehendabizikoz eta gaur egun, Lanku kultur zerbitzuak bideratzen du ikus-entzunezkoaren proiekzioa.

Mediterraneoko uhartera egindako bidaiaren emaitza eta Arzallusen begirada ikusi ahal izango dira gaur, 19:00etatik aurrera, Subijana etxean.

Ez diogu hau kapritxo hutsagatik: lagun gaitzazu . Eduki hau guztia doan ikus dezakezu euskarazko hitzik gabeko Tolosaldea ez dugulako irudikatzen. Atarikide, iragarle eta erakunde askoren laguntzarik gabe ez litzateke posible hori. Gero eta komunitate handiagoa sortu, orduan eta sendoagoa izango da Ataria: zurekin, zuekin. Ez utzi biharko gaur egin dezakezun hori: egin zaitez Atarikide!


EGIN ATARIKIDE!