Xuban Intxaustik zuzendu eta Amets bera hari-eramaile eta protagonista duen dokumental honek, azalera berean "bizkarra emanda" bizi diren bi komunitateren ikuspegi batzuk erakusten dizkigu: iparralderantz bizi diren turko-ziprearrenak eta hegoalderantz bizi diren greko-ziprearrenak. Bi komunitate, bi kultura, bi hizkuntza, eta harriz, ormigoiz, ormigoiz beteta pilatutako bidoiz, bidoi zabaldutako txapaz, sarez eta txarrantxaz osatutako harresia tartean. Harresia daukate atzean eta, atzerago baina bertan, bizitako bortizkeri oroitzapenak, galdutako senideak, exodora behartuak, galdutako lur eta etxeak, deserriratuak ... Mina eta etsipena.
Errealitate hori ezagutu nahian, egindako bidai gisara bizitu genuen dokumental hau. Bertsolaritza eta Zipreko ahozko poeten arteko harremana eta jardunak aitzaki itsura hartzen du kontatzen zaigun beste guztiak hartzen duen kargaren ondoan. Joan-etorriko bidaia bihurtu zitzaigun sarri, hala nahita egileek, gure errealitatearen ispilu zahar, zartatu eta lauso bilakatzen baita: aberriminez negar egiazkoa sortzen zaion poeta kantaria, deserriratu eta bere etxaurrean sartu ezin duen emakumea, berrogei urte geroago senide desagertuen bila etsi gabe jarraitzen duen emakumea, gatazkaren biktima izan diren alde banatako bi emakumeen adiskidetze bidea ... Emozioak piztu eta barruak mugitzen ditu hasiera hasieratik, eta tenkadura mantentzen du amaitu arte. Hori eskeini zigun filmak, Ametsen begirada sosegatu, hitz eta bertso neurtuak lagun.
Ikusi eta entzutekoak ikusi eta entzunda, beste hiru ordu laurden luzatu ginen ikusentzuleen galderei erantzunez Artzallusek emandako azalpenak entzuten. Hain gogorra izanik ere, ezezaguna da oso Zipreko gatazka hau guretzat. Guk bizi duguna zipretarrentzat den bezain ezezaguna, Ametsek berretsi zigunez. Esan bezala, Ziprera begiratuz hona begira jartzen gaitu filmak sarritan, eta galdera zaharrak berritu: mugen minez, minen mugez, harresirik gabeko muga trinko, tinko eta sendoez ... Egindakoaz eta egiteko dugunez.
Datorren astean, ostiralean, 19:30etan, leku berean, KATEBEGIAK film labur bildumako lau pasarte. Emozio hauei jarraipena ematen jarraitzeko aukera emango digute.