18 bat familiek ezingo dute etxera itzuli, 15-20 egunetan

Ataria 2017ko urtarrilaren 20a

Villabonako pilotari kaleko etxebizitza batean piztu zen sua atzo arratsaldean, eta etxepe osoak izan ditu kalteak. Hamabost-hogei bat egun beharko dituzte kalte larrienak konpondu eta 18 bat familia beren etxeetara itzuli ahal izateko.

Gaur, suhiltzaileekin batera, beren etxeetara sartzeko aukera izango dute hemezortzi familiek, beren gauzak hartzeko. Baina gero, hamabost-hogei egunean ezingo dira itzuli.

Izan ere, kalte handiak eragin zituen atzo etxebizitza batean manta elektriko batetik piztutako suak. 13:20an piztu ziren garrak, Pilotari kaleko aurreneko zenbakian. Lau lagun eraman zituzten osasun zentrora, baina onik daude.

Villabonako Udalak, adierazpena

Villabonako Udalak, bere aldetik, adierazpena egin du atzoko sutearen harira. Bertan adierazi dutenez, "sutearen berri jakin orduko, Maite Izagirre alkatea eta Eneko Urdangarin Gizarte Zerbitzuetako zinegotzia sutearen lekura joan ziren egoeraren berri izan eta bertakoei laguntza eskaintzeko".

Sutea jasan duten bizilagunekin jarri ziren harremanetan atzo bertan, eta udala etxe bat aurkitzeko tramiteak egiten hasi zen, azaldu dutenez. Hala ere, gaua beren familien eta senideen etxea igaro dute kaltetuek.

Era berean, Udalak eskerrak eman dizkie beren etxeak eskaini dituzten herritarrei zein sutea itzaltzen aritu ziren suhiltzaileei, ertzainei, udaltzaingoei, udaleko brigadei, osasun teknikariei eta langileei.

 

ATARIA ez da soilik komunikabide bat: komunitate baten ahotsa da, eta urte hauen guztien ondoren, zuen babesa behar dugu, inoiz baino gehiago: ATARIAk behar du Tolosaldea. Horregatik erronka bat daukagu esku artean: gure eskualdeko 28 herrietan hamarna harpidedun berri behar ditugu. Zu falta zara, bazatoz?


EGIN ATARIKIDE!