'Garden' diskoa aurkeztuko du Alos Quartetek igandean Villabonan

Ataria 2016ko abenduaren 7a

Gurea antzokian, 19:30ean hasiko da emanaldia eta gonbidatu bereziak izango direla iragarri dute taldekideek.

Xabier Zeberio tolosarrak (nyckelharpa, biolina), Francisco Herrerok (biolina), Lorena Nuñezek (biola) eta Pello Ramirezek (celloa) osatzen dute Alos Quartet. 10 tanta eta Alos Quartet diskoak kaleratu ondoren, Garden izenekoa aurkeztuko du taldeak igandean.

13 pieza ditu grabazio berriak eta azken urteetan taldeak bidelagun izan dituen hainbat artista eta lagunen kolaborazioekin osatu dute. Besteak beste, Eñaut Elorrieta eta Silvia Iriondoren ahotsak, Oreka TXen txalaparta, Iosu Salbideren alboka eta Iñigo Egiaren perkusioak entzun daitezke lan berrian.

"Dantza ezberdinen atmosfera eta erritmoak sotiltasun harrigarriz jantziak ageri dira diskoan", Alos Quartet taldeko kideek adierazi dutenez. "Arin-arinetik tangora, fandagotik vals eztietara eta doinu lasaietatik erritmo indartsuetara" doa Garden. Zeberiok jotzen duen Suediako erdi aroko tekladun biolak, nyckelharpak, "sonoritate iradokitzailea" ematen dio taldeari. 

Garden izena jarri diote diskoari, euskarazko hitzaren argitasuna eta ingelesezko lorategiaren adierarekin jolastuz. "Soinu dotorea, intimotasun eta musika iturri ezberdinetatik edaten duen estilo originala" eskainiko ditu Alos Quartet taldeak, igandean Villabonako Gurea aretoan.

Ez diogu hau kapritxo hutsagatik: lagundu iezaguzu. Eduki hau guztia doan ikusten duzu ez dugulako irudikatzen euskarazko hitzik gabeko Tolosalderik. Atarikide, iragarle eta erakunde askoren laguntzarik gabe ezinezkoa litzateke. Zenbat eta komunitate handiagoa sortu, orduan eta sendoagoa izango da ATARIA: zurekin, zuekin. Ez utzi biharko gaur egin dezakezuna: egin zaitez Atarikide!


EGIN ATARIKIDE!