Urteko garai honetan seme-alabei edo ingurukoei euskarazko liburuak, musika edota jostailu eta jokoak erosi eta oparitzeko aukera paregabea izaten dela kontuan hartuz, Euskarazko Produktuen Katalogoaren edizio berria osatu dute, beste urte batez Euskal Herriko 140 bat udal eta mankomunitatetako Euskara Zerbitzuk, hauen artean, Villabonako Euskara Zerbitzuak.
Egunotan banatuko zaie katalogoa Amasa-Villabonako ikastetxeetako Haur Hezkuntza eta Lehen Hezkuntzako ikasleei. Besteetan ez bezala, aurten lehen aldiz bi azal izango ditu paperean editatzen den katalogoak: azal batek sarbidea ematen die 12-16 urte bitarteko gazteentzat eskaintzen diren produktuei, eta beste aldeko azalak 0-12 urte bitarteko haurrentzako produktuei eta gurasoentzako materialei. Katalogo horretan www.katalogoa.eus webgunean jasota dauden 2016ko produktu guzti-guztiak agertzen dira atalka banatuta, hala nola, musika, DVD-filmak, aldizkariak, komikiak, liburuak, jostailu eta jokoak.
Katalogoan bildutako produktu bakoitzaren fitxan, hari buruzko daturik garrantzitsuenak ikusiko ditu erabiltzaileak(azalaren irudia, titulua, autorea, argitaletxea, produktuari buruzko azalpena, argitaratze urtea, prezioa…) eta, bakarren bat begiz joz gero, herriko establezimenduetan galdetzerik besterik ez du, materiala eskuratzeko. Azken finean, horixe baita KATALOGOA.EUSen helburua: merkatuan aurki daitezkeen euskarazko produktuak erabiltzaileen eskura modu erraz batean jartzea.