Aizkardiren mendi astean, naturaren zirrikitu guztiak bistan

Jon Miranda 2016ko aza. 23a, 14:57

Argazki rallyko lanak ikusgai izango dira aste osoan Gurea antzokian.

Igandean egingo duten mendi ibilaldiarekin bukatuko da astea, baina lehenagotik arratsaldero egongo dira mendiarekin eta abenturarekin loturiko emanaldiak.

Abiatu du 33. mendi astea Villabonako Aizkardi mendi elkarteak. Joan den azaroaren 13an antolatutako argazki rallyan parte hartu zuten lagunek egindako argazkiak ikusgai daude Gurea zinema aretoko sarreran astelehenetik. Eta atzo iluntzean, Alberto Zerain mendizaleak Dhaulagiri udaberrian eta Manaslu udazkenean ikus-entzunezkoa eskaini zuen, mendi zikloari hasiera emanez.

Gaur eta bihar beste bi emanaldi izango dira Gurea aretoan. Fermin Perezek, 20:00etatik aurrera munduko ur bizietan kayakean bizi izandako abenturak kontatuko ditu eta bihar, Iñigo Lizarribar, Mikel Legarreta eta Ibon Zabalak Indian burututako espedizioaren inguruko azalpenak emango dituzte. Behin emanaldia bukatuta argazki rallyko sariak banatuko dira.

Igandean 08:30ean Olaederratik abiatuko den mendi ibilaldiarekin amaituko da astea.

ANTZERKIA OSTIRALEAN

Amasa-Villabonako kultura sailarekin elkarlanean E Petrel. Julio Villarrekin solasean izeneko antzerki lana eskainiko du Astrolabium Teatro konpainiak ostiralean, 21:00etatik aurrera.

Mikel Sarriegi antzezlanean parte hartzen duen aktoreak aipatu duenez, «1968tik 1972ra Julio Villarrek belaontzi batean munduari eman zion itzulia jasotzen duen liburuan oinarritutako lana da. Baina buelta bat eman nahi izan diogu eta gaur egun 73 urte dituen Juliorekin elkarrizketa bat bezala planteatu dugu».

Mendizale eta abenturazalea, naturari begira bizi den pertsona bat da Villar «eta munduan egoteko beste modu bat erakusten digu, gauza gutxirekin bizi gaitezkeela frogatzen du bere bizi esperientziak». Horregatik uste du Sarriegik pentsarazteko obra bat dela ostiralean Villabonan eskainiko dutena: «Inor ez da antzokitik sartu bezala aterako».

33. MENDI ASTEA

AZAROAK 23, GAUR

20:00. 11 iturri kayak munduko ur bizietan zehar. Fermin Perez Mino mendizalearen eskutik.

AZAROAK 24, OSTEGUNA

20:00. Iñigo Lizarribar, MIkel Legarreta eta Ibon Zabalak Nun-eko espedizioa. India saioa eskainiko dute.

Ondoren. Argazki rallyko sari banaketa ekitaldia.

AZAROAK 25, OSTIRALA

21:00. Kultura sailak antolatuta E, Petrel! Julio Villarrekin solasean antzerki lana. Sarrera 8 euro.

AZAROAK 27, IGANDEA

08:30. Olaederra kiroldegitik abiatu da mendi ibilaldia.

Ez diogu hau kapritxo hutsagatik: lagun gaitzazu . Eduki hau guztia doan ikus dezakezu euskarazko hitzik gabeko Tolosaldea ez dugulako irudikatzen. Atarikide, iragarle eta erakunde askoren laguntzarik gabe ez litzateke posible hori. Gero eta komunitate handiagoa sortu, orduan eta sendoagoa izango da Ataria: zurekin, zuekin. Ez utzi biharko gaur egin dezakezun hori: egin zaitez Atarikide!


EGIN ATARIKIDE!