Enrike Abril Errebote Txapelketaren finala igandean jokatuko da, 11:00etan, Villabonako plazan. Eguraldi txarra egingo balu, Errebote plazan jokatu beharreko finala atzeratu egingo lukete. Behar Zanatik azaldu dutenez, errebotean ibiltzeko lurra bustirik ez egotea garrantzitsua da, eta horren ondorioz, eguraldi iragarpenari begira daude azken egun hauetan billabonatarrak.
Enrike Abrilen oroimenezko txapelketa Gipuzkoako hiru plazatan jokatzen da: Oiartzunen, Zubietan eta Villabonan. Hala eta guztiz ere, parte hartzen duten taldeak ez dira gipuzkoarrak bakarrik izaten. Horren adibide garbia aurtengo edizioa da, Behar Zanatik azaldu dutenez: «Plazak dituzte Gipuzkoako hiru herriez gain, Ipar Euskal Herriko bost talde aritu dira irailean hasi zen txapelketa honetan. Lau taldez osaturiko bi multzo egin genituen. Multzo bakoitzeko taldeek elkarren aurka jokatu ondoren, bi onenak finalerdietara pasa ziren. Behar Zana hortxe geratu zen, finalerdien atarian. Hala eta guztiz ere txapelketa polita egin dugu, eta gustura». Igandean, Zubietako eta Donibane Lohitzuneko taldea ariko dira finalean.