Txermin eraikineko ebakuazio plana burutu dute

Ataria 2016ko irailaren 16a

Amasa–Villabonako Udalak eta Zubimusu Ikastolak sinaturiko lankidetza hitzarmenari esker egin dute Txermin eraikineko ebakuazio proiektua, Amasa-Villabonako Udalak jakinarazi duenez.

Udako hilabeteetan, ebakuazio proiektua gauzatzeko obretan aritu dira Zubimusu ikastolan. Eraikuntzaren hiru solairuak konektatzen dituen eskailerak eraiki dituzte ikastolaren fatxadari erantsita. Obra horien helburua da ebakuazio plana "behar den bezala betetzea", udalaren arabera.

Ebakuazio proiektuak 145.701,71 euroko aurrekontua du, Amasa-Villabonako udalak azaldu duenez. Hezkoop. Elkartetik 43.710,51 euroko diru laguntza lortzea aurreikusten dute, aurrekontuaren %30. Gainontzeko kopurua -101.991,20 euro- horrela lortuko dute: aurrekontuaren %75 -76.493,40 euro- Amasa-Villabonako Udalak ordaindu du, eta Zubimusu Ikastola Kooperatiba Elkarteak 25.497,80euro -aurrekontuaren %25 - ezarri ditu.

Amasa-Villabonako EH Bilduk, ordea, salatu du hitzarmen hori ez dela existitzen, eta azalpenak eskatu dizkiote EAJko udal gobernuari: "Udalak ez du Zubimusu Ikastolarekin obra hau egiteko inolako hitzarmenik sinatu. Txermingo eraikineko ebakuazio eskilararen obra horri buruz udalean onartuta dagoen gauza bakarra, 2016ko aurrekontuetan udalak obra horretarako 10.000 euro bideratu dituela da", azaldu dute EH Bilduko kideek.

ATARIA ez da soilik komunikabide bat: komunitate baten ahotsa da, eta urte hauen guztien ondoren, zuen babesa behar dugu, inoiz baino gehiago: ATARIAk behar du Tolosaldea. Horregatik erronka bat daukagu esku artean: gure eskualdeko 28 herrietan hamarna harpidedun berri behar ditugu. Zu falta zara, bazatoz?


EGIN ATARIKIDE!