Pilota eta txakolinarekin osatuko dute festa Amasan

Jon Miranda Labaien 2016ko ira. 15a, 12:14

Larunbatean 16:30etik aurrera burutuko da VI. Txakolin Eguna eta pilota partidaren ostean hogeitahamar txakolin dastatzeko aukera izango da.

Urteroko hitzorduak arrakasta du Aiztondo bailaran eta aurten, ohitura jarraituz, festa giroa jarriko du Uxo-Toki elkarteak Amasako plaza inguruan.

Pilota partidarekin abiatuko dute arratsaldea Amasako frontoian. Santxo eta Alduntzin, Labaka eta Erasunen aurka ariko dira. Lehen mailara pasa berri edo laster pasako direnen arteko lehiaz gozatzeko aukera izango da. Antolatzaileen esanetan, «guztiok dakigu Antiguoko txapelketak zenbateko arrakasta duen pilotazaleen artean eta bertako txapeldun izan direnak neurtuko dira Zizurkilgo bikotearen aurka». Izan ere, Antiguoko txapelketako final erdietara iritsi ziren Labaka eta Erasun eta azken honek, laster Asegarce enpresarekin profesionaletara salto egingo du. «Pilota partida bikaina ikusteko aukera izango dugu», antolatzaileek baieztatu dutenez.

AMASAKO ERREGINA

Behin pilota partida amaituta txakolin dastaketa egingo dute Amasako plazan. «Urteroko upategiek etortzeko asmoa agertu dute eta herriko upategi berri baten aurkezpena ere izango dugu, Hika izenekoarena». Guztira 30 inguru izango dira eta betiko pintxoekin batera txakolina dastatzeko aukera emango dute.

TXARTELAK SALGAI

Jaia osorik bizi nahi duenak, 12 euroren truke, pilota partidurako sarrera, txakolina dastatzeko edalontzia eta bi pintxo izango ditu.

Pilota partida soilik ikusi nahi duenak zazpi eurotan izango du sarrera 6 urtera arteko haurrek doan izango dute eta 6tik 16ra bitarteko gazteek lau euro ordaindu beharko dute. Alderantziz, txakolina dastatzeko hautua egiten duenak, bost eurotan izango ditu edalontzia eta bi pintxo dastatzeko txartela.

Larunbaterako sarrerak aldez aurretik erosi ahal izango dira, Villabonako Amasa kafetegian, Iru Aldeta tabernan eta Urrizpe jatetxean.

Uxo-Toki elkarteko kideek gonbidapena luzatu diete herritarrei Amasara gerturatu daitezen datorren larunbat arratsaldean, 16:30etik aurrera.

Ez diogu hau kapritxo hutsagatik: lagun gaitzazu . Eduki hau guztia doan ikus dezakezu euskarazko hitzik gabeko Tolosaldea ez dugulako irudikatzen. Atarikide, iragarle eta erakunde askoren laguntzarik gabe ez litzateke posible hori. Gero eta komunitate handiagoa sortu, orduan eta sendoagoa izango da Ataria: zurekin, zuekin. Ez utzi biharko gaur egin dezakezun hori: egin zaitez Atarikide!


EGIN ATARIKIDE!