Sistema berria martxan jartzeko urratsak

Jon Miranda Labaien 2016ko irailaren 14a

Ostiral arte jarraituko dute Amasa-Villabonan hondakin organikoarentzat eta errefusarentzat prestatu diren edukientzako txartelak banatzen: gaur Txermingo erretiratuen egoitzan 10:00etatik 14:00etara, bihar kiroldegian 16:00etatik 20:00etara eta etzi ordutegi berean, Berdura plazan. 

Bien bitartean edukiontzi berriak jartzen ari dira herriko 17 puntutan. Amasa-Villabonako EH Bilduk kritikatu duenez, otsailean udaleko hiru alderdiek adostu zuten «elkarlan eta adostasunaren» bidez ezarriko zutela sistema berria, eta ez dira horrela egiten ari: «Udal gobernuak jarraitutako prozedura da kritikatzen duguna. Ingurumen batzordean erabaki behar genuen sistema aldaketa noiz eta nola egin».

Koalizio abertzaleak salatu du urtarriletik ez dela batzorderik deitu: «Errespetu falta iruditzen zaigu EAJk informazio hori komunikabideei lehenago jakinaraztea udaleko organoetan baino». Udal gobernuak «gauzak hobeto» egin zitzakeela uste du EH Bilduk. Hala ere, mezu argia zabaldu du: «Jarrai dezagun etxeko hondakinak ondo bereizten eta ez dezagun atzera egin birziklatze tasan. Hori izango da erraustegirik ez dugula behar frogatzeko modurik egokiena».

 

ATARIA ez da soilik komunikabide bat: komunitate baten ahotsa da, eta urte hauen guztien ondoren, zuen babesa behar dugu, inoiz baino gehiago: ATARIAk behar du Tolosaldea. Horregatik erronka bat daukagu esku artean: gure eskualdeko 28 herrietan hamarna harpidedun berri behar ditugu. Zu falta zara, bazatoz?


EGIN ATARIKIDE!