Pasa den uztailean (santio jaien aurretik) Amasako frontoia edukiontziz beteta zegoela jakin zuten EH Bilduko zinegotziek: "Orduan guztiz harrituta geratu ginen eta garbi utzi nahi dugu EH Bilduko zinegotziei ez zitzaiela kontu honi buruzko ezertxo ere jakinarazi", azaldu dute ohar bidez.
"Hasieran egun batzuetako kontua izango zela pentsatu genuen, baina oker geunden eta abuztu osoa darama frontoiak egoera horretan", salatu dute. "Normala den bezala, honek hainbat herritarren artean haserrea eragin du, frontoiko erabiltzaileek ezin izan baitute pilotan jokatzeko (edo beste kirol batzuk praktikatzeko) erabili. Guk ere bat egiten dugu haserre horrekin, ez baitugu ulertzen nola eduki daitekeen kirol instalakuntza publiko bat guztiz itxita, biltegi soil bat bezala erabiltzeko", gaineratu dute.
Frontoia herritarrek erabiltzeko espazio publiko bat dela gogorarazi diote udal gobernuari, eta egunero irekita egon beharko lukeela. "Zergatik erabaki da edukiontzien biltegi bezala Amasako frontoia erabiltzea? eta ez herritarrek erabiltzen ez duten beste edozein espazio?"
EH Bilduren ustez "egoera hau ez da onargarria eta udal gobernuari azalpen argi bat ematea eskatzen diogu".