Santio Jaiak 2016

Lehertu da suziria, hasi dira Santioak

Irati Saizar Artola 2016ko uzt. 24a, 13:48

Danok Danena Halterofilia taldeko kideek bota dute txupinazoa eta hasi dira Villabonako festak. Datorren igandera arte izango da zer ospatua.

Eguraldiak asko lagundu ez badu ere, jendea festa gosez agertu da goizean goizetik plazara. Suziria lehertzearekin batera, salto eta jauziek hartu dute lekua Errebote plazan. Elkartasun brindisa egin, argazki bat atera eta buruhandi, ipotx eta erraldoiek kalejira egin dute herrian barrena, Loatzo Musika Eskolako Jeronimo Dultzaina Taldearen laguntzaz. Batzuk aterki azpian eta beste batzuk aterkirik gabe osatu dute ibilbidea. 

Eguerdian, herri bazkaria izango dute eta eguraldi txarragatik ikastola azpian egitea erabaki dute. Hona hemen bazkalondorenerako antolatu dituzten ekitaldiak:

16:00. Frontenis finala, Olaederrako frontoian.

16:00. Bola tiraldia helduentzat, Behar Zana elkarteko Bola Taldearen eskutik, Olaederrako bolatokian.

16:30. Perkusio emanaldi ibiltaria, Erreboteko plazatik abiatuta. Zo-zongó taldea: Kolpez Blai.

17:00. Paxakako finala, Olaederrako pilotalekuan.

19:30. Futbito finala, Erreboteko plazan.

23:30. Dantzaldia, Iratzar taldearen eskutik, Erreboteko plazan.

Ez diogu hau kapritxo hutsagatik: lagun gaitzazu . Eduki hau guztia doan ikus dezakezu euskarazko hitzik gabeko Tolosaldea ez dugulako irudikatzen. Atarikide, iragarle eta erakunde askoren laguntzarik gabe ez litzateke posible hori. Gero eta komunitate handiagoa sortu, orduan eta sendoagoa izango da Ataria: zurekin, zuekin. Ez utzi biharko gaur egin dezakezun hori: egin zaitez Atarikide!


EGIN ATARIKIDE!