2016ko Santio jaiei begira, Amasa-Villabonako Udalak herriko etxe guztietara informazio orri bat helaraziko du hurrengo egunetan zehar. Jarrera sexistak kanporatu behar direla jendeari azaltzea da eskuorri honen helburua, batzuetan jarrera hauek eraso sexualak bihurtzen baitira. Iaz bezala, aurten ere, udalaren eskutik bultzatu da ekimena eta Emakundek garatutako “Beldur Barik” kanpainaren barruan kokatzen da. Ertzaintza eta Udaltzaingoaren laguntza du.
Eskuorriak mezu zehatza du: pertsona bakoitzaren sexualitatea norberaren erabakia dela eta jarrera menperatzaileen aurrean edo besteen askatasunaren jabe egin nahi direnei ozenki EZ esatera gonbidatzen du. Edozein eratako eraso, jazarpen edo hertsamen berehala salatzera bultzatzen du kanpainak eta horretarako zer urrats jarraitu behar diren adierazten du (udaltzainen telefonoa agertzen da, adibidez).
Kanpaina honek Brigada Feministaren laguntza estua du, eskualdeko neska talde ezberdinen artean osaturiko iniziatiba. Gazte hauek, jai egun zehatzetako gauetan, eskatzen duten emakumeak etxeraino lagunduko dituzte. Beste herrietako jaietan arrakastaz burutu dute egiteko hau. Aldi berean, erasorik egonez gero, laguntza eskaintzen dute Ertzaintza edo Udaltzainen aurrean salaketak jartzeko unean.
Maite Izagirre Amasa-Villabonako alkatearen iritziz, “ohiko mikro-matxismoak eta jarrera sexistak ezin dira txantxan hartu, hauek abusu edo erasoen hasiera izan daitezkeelako”. Horregatik, kanpaina honek hiru ardatz nagusi ditu: emakumeen sexualitateari buruzko begirunearen hedapena, aurreneurriak eta salaketa. Maite Izagirreren ustetan “hori da emakumeen aurkako indarkeria saihesteko modurik onena”.