Gutuna: Remi Gogoan ekimena

Remigogoan 2016ko uzt. 15a, 10:00

Uztailaren 31n zazpi urte beteko dira. 2009ko egun hartan, Remi udal hautetsi gisa, herriak aukeratutako ordezkari bezala ari zen lanean. Helburu argia zuen: jai gunean Ertzaintzaren presentziak eragiten zuen tentsioa ez zedila haratago joan eta jaiak bakean amaitu zitezela. Baina ez zioten utzi! Bihotza leherrarazi zioten!

Orduz gero, urtero Remiren izena eta izana gogoratzeko elkartzen gara Santiotako azken egunean, senide, lagun eta ehundaka herritarrekin batera.

Iaz arte, udal ordezkariak ere ondoan izan ditugu beti. Baina udal gobernuan aldaketa izan zenetik, bestelakoa izan da herri honetan agintzen dutenen jarrera. Iaz EAJ-ren gobernuak Remiren omenaldia jai programatik kentzea erabaki zuen, aldebakarrez. Harridura eta amorrua eragin zigun erabakia izan zen.

Eta aurten ere berdin. Jai batzordean omenaldia egingo genuela iragarri genuenean, jai programatik kanpo beharko zuela erantzun zigun Iban Agirre orduan artean alkate zenak, ekitaldi politikoa zela argudiatuta.

Urtebete honetan EAJkoek ez dute inolako urratsik eman Remiri aitortza egin eta bere kasua argitzeko. Aldiz, herriari bizkar eman eta harrokeriaz jokatzen jarraitzen dute, alkate berriak erakutsi duen moduan. Baina gure ustez, bizikidetzaren alde lan egitea guztioi dagokigun zeregina da, eta are gehiago alkate bati.

Nori egiten dio kalte, egia, justizia, errekonozimendua eta erreparazioa eskatzeak? Ezin dugu ulertu inor horren kontra egon ahal izatea.

Horregatik, guk ez diogu inoiz uko egingo aldarrikapen horri. Gainera, bide horretan badakigu amasa villabonatar asko bidelagun ditugula eta izango ditugula.

Hortaz, aurten ere hilaren 31n, iluntzeko 20:00etan, Remiren izena daraman ibilbidean hitzordu bat dugu denok!

 

Ez diogu hau kapritxo hutsagatik: lagun gaitzazu . Eduki hau guztia doan ikus dezakezu euskarazko hitzik gabeko Tolosaldea ez dugulako irudikatzen. Atarikide, iragarle eta erakunde askoren laguntzarik gabe ez litzateke posible hori. Gero eta komunitate handiagoa sortu, orduan eta sendoagoa izango da Ataria: zurekin, zuekin. Ez utzi biharko gaur egin dezakezun hori: egin zaitez Atarikide!


EGIN ATARIKIDE!