Independentziaren aldarria Villabonan

Iñigo Terradillos 2016ko eka. 10a, 10:15

Tolosaldeko Ernaik aldarrikapena eta festa uztartuko ditu bihar egingo duen Independentzia Egunean

Ikasturtean zehar progresiboki lantzen joan den ekimen bati amaiera eman eta indartsu bukatzeko tresna izan nahi du, bihar, Villabonan ospatuko den Independentzia Egunak. Tolosaldeko Ernai antolakundeko Ibai Julianen iritziz, «Tolosaldeko herri ezberdinetako gazte antolakundea osatzen dugun kideak elkar ezagutzea eta elkarlana sustatzea izan da ikasturte honetan egin dugun lana eta lanketa hori borobiltzera dator eguna».

Errebote plaza eskualdeko militante, aktibista eta kide guztiak bilduko dituen gune sinbolikoa izango da eta «gure oinarri sozialaren barruan mugitzen den gazte asko bilduko da». Gazte indarra batu eta bideratu nahi dute Independentzia Egunarekin, «gero egurra eman eta errealitatea eraldatzeko». Guztientzako zabalik dagoen topagunea izango da, beraz, Tolosaldeko Ernaik antolatutakoa. «Gazteok gure eskutan dugu erantzukizunaren parte inportante bat. Errealitateari kritika egitea ondo dago, baina aldatzeko pausoak eman eta konpromisoak hartu behar ditugu. Bakoitzak bere aletxoa jarri behar du norabide horretan».

Gazte boterea artikulatzeko lanean dihardu Tolosaldeko Ernaik eta Julianen esanetan, «eskualdeko oinarri militantea geroz eta formatuago eta gogotsuago dago». Gazte asanbladetatik egiten den irakurketarekin bat dator gazte antolakundeko bozeramalea: «Egia da, gazte asko lokaletan sartzen dela eta horrek inaktibismoa bultzatzen duela. Alde horretatik lan asko dugu egiteko eta oraindik gazte asko dauzkagu aktibatzeko». Hala ere, «fresko eta berrituta» ikusten du gazte mugimendua, «gogor». Naturaren zikloa da eta gazteengan txertatzen doazen balore eta idealak izango dira etorkizuna: «Iraultza batek, ez du denboran asko iraungo gazteekin ematen ez bada. Edozein eraldaketarako gazte boterea kontuan hartu behar da, gu garelako etorkizuna»

Egitarau oparoa

Eguraldiak baimentzen badu, ekitaldi guztiak Villabonako Errebote plazan egingo dituzte. Herrikoak bertakoak diren Eneko Galarraga eta Lander Etxeberria preso ohiekin egingo dute mahai ingurua goizean goiz. Ondoren, ekimen berri bat gauzatuko dute: feminismoaren inguruko formakuntzan sakontzeko, tailer kolektiboa gauzatuko dute.

Ehundik gora gazte daude izena emanda biharko bazkarirako. «Egitaraua ez da erabat aldarrikatzailea izango. Bazkalostean jokoak eta batukada izango dira eta ekitaldi politikoaren ostean festa giroan kontzertuak izango ditugu. Ikasturtea modu indartsu batean bukatzeko baliatuko dugu biharko eguna», dio Julianek.

INDEPENDENTZIA EGUNA

EKAINAK 11, LARUNBATA

10:30. Mahai ingurua preso politiko oihekin..
12:00. Rolak apurtuz modelo desfile transexuala. Tailer kolektibo parte hartzailea.
14:00. Bertso bazkaria, Asier Azpiroz eta Eli Pagolarekin.
17:00. Jolasak.
18:30. Batukada.
20:00. Ekitaldia.
21:00. Zagiardoa. Zuk afaria, guk musika eta sagardoa.
Ondoren. Kontzertuak: Katez, Ardi baltzak eta DJa.

Ez diogu hau kapritxo hutsagatik: lagun gaitzazu . Eduki hau guztia doan ikus dezakezu euskarazko hitzik gabeko Tolosaldea ez dugulako irudikatzen. Atarikide, iragarle eta erakunde askoren laguntzarik gabe ez litzateke posible hori. Gero eta komunitate handiagoa sortu, orduan eta sendoagoa izango da Ataria: zurekin, zuekin. Ez utzi biharko gaur egin dezakezun hori: egin zaitez Atarikide!


EGIN ATARIKIDE!