Bi ikerketa kontratutarako deialdia egin du aurten Mintzolak

Ataria 2016ko maiatzaren 27a

Mintzola Ahozko Lantegiak eta UPV/EHUko Mikel Laboa Katedrak eta Euskara eta Ikerketa Errektoreordetzek ikerketa kontratuen deialdia zabaldu berri dute. Era berean, lehen bi erakundeek 2.000 euroko hiru proiektu sari esleituko dituzte.

2013an abiatutako bideari jarraituz, aurten ere ikerketa kontraturako deialdia zabaldu dute Mintzola Ahozko Lantegiak eta UPV/EHUko Mikel Laboa Katedrak eta Euskara eta Ikerketa Errektoreordetzek. Orain arte ikerketa kontratu bakarrerako deialdia egin bada ere, aurten eskaintza zabaldu eta bi ikerketa kontratu izango dira esleitzeko.

Doktoregaiak hautatuko du zein ikuspegitatik aztertuko duen bertsolaritza, baina epaimahaiak kontuan izango ditu Bertsolaritzaren Ikerketa Plan Estrategikoan lehenetsitako iker-lerroak. UPV/EHUn gauzatuko diren doktorego aurreko bi kontratu dira esleituko direnak, urtebeterako baina hiru urte gehiagoz luzatzeko aukerarekin.

Hiru proiektu sarietarako deialdia
Bestalde, Mintzola Ahozko Lantegiak eta Laboa Katedrak 2.000 euroko hiru proiektu sari esleituko dituzte. Deialdi honetan master-amaierako lanen proiektuak lehenetsiko dira, baina beste ikerketa-lan monografiko batzuen proiektuak ere onartuko dira.

Ikerketa kontratuen deialdiak zein proiektu sarienak bertsolaritzari buruzko ikerketa zientifikoa bultzatzeko xedea dute. Batera zein bestera eskariak egiteko epea irailaren 12an amaituko da. Eskaera egiteko eman beharreko pausoak, datak eta informazioa Mintzolaren atarian eta Laboa Katedraren webgunean daude ikusgai.

Aurkezpen ekitaldian izan dira Gidor Bilbao, Mikel Laboa Katedraren laguntzaile iraunkorra; Beñat Gaztelumendi, Mintzolako Ikerkuntza arduraduna; Karlos Aizpurua, Mintzolako Zuzendaritza kidea; eta Juan Kruz Igerabide, Mikel Laboa Katedraren zuzendaria

ATARIA ez da soilik komunikabide bat: komunitate baten ahotsa da, eta urte hauen guztien ondoren, zuen babesa behar dugu, inoiz baino gehiago: ATARIAk behar du Tolosaldea. Horregatik erronka bat daukagu esku artean: gure eskualdeko 28 herrietan hamarna harpidedun berri behar ditugu. Zu falta zara, bazatoz?


EGIN ATARIKIDE!