Sukaldea kalera ateratzeko ekimena izango da larunbatean

Jon Miranda Labaien 2016ko mai. 12a, 11:14

Amasa-Villabonako kultura sailak antolatu ditu asteburuko ekimenak eta Batean enpresak jardun du antolaketa lanetan, gastronomia gizartean ezagutzera emateko asmoz

Kultura gastronomikoa ezagutzera eman eta kaleratzeko asmoz Amasa-Villabonako Udalak Sukalean ekimena antolatu du astebururako. Batean enpresa arduratu da larunbateko egitaraua antolatzeaz eta bertako kidea da Javi Rivero sukaldari billabonatarra: «Hasiera batean udalarena izan zen ideia eta guregana jo zuten laguntza eske. Gu aritu gara logistika guztia prestatzen eta larunbateko tailerrak lotzen».

Sukalean ez da ezerezetik sortzen, ordea. Sukaldaritza ikastaroak eskaini izan ditu Riverok, Eneko Amondarain herritarrarekin batera eta elkarrekin hartu zuten parte, Herriaren goilara liburuan. «Gogoeta bat ibili izan dugu bueltaka azken hilabeteetan. Herrian badela kultura gastronomiko bat eta horri indarra eman behar zaiola eta ezagutarazi egin behar dela uste dugu». Asmo horrekin antolatu da, adibidez, Lehenengo Txanpinoi Lehiaketa. «Liburua egin genuenean ikusi genuen jende askok erabiltzen zuela produktu hori bere errezetetarako. Jendeari galdetu eta esan ziguten hemen inguruan txanpinoi asko hazten zela. Balore hori berreskuratzeko asmoz antolatu dugu lehiaketa». Norberak bere erara moldatu ahal izango du errezeta eta antolakuntzak sua eta txanpinoi gordinak jarriko ditu. Egurrezko txanpinoi bat eta jatetxe batean bi lagunentzako afaria eramango ditu irabazleak. Larunbatean, 18:30ean izango da lehiaketa.

TAILERRETAN IZEN EMATEAK

Lehiaketarekin batera, bi tailer egingo dira Berdura plazan. 10:15ean eta 11.15ean parrilla tailerra eskainiko du Koldo Manterola aiarrak. Riveroren esanetan, «gaur egun Casa Julianen dabil baina aurretik Elkanon jardun du hiru urtez. Esperientzia handia du». 19:30ean, berriz, burruntzi tailer irekia izango da Nicolas Esnaolaren eskutik. Goizeko tailerrean izen emateak sei euro balioko ditu eta arratsaldekoa doakoa izango da. Ostiral eguerdira arte eman beharko da izena udaleko kultura sailean, 943 69 16 55 telefonoan edo kultura@villabona.eus helbidean.

Doakoa izango den arren, aurrez eman beharko da izena, baita ere, Gureako sarreran 10:30ean egingo den ardo dastaketan. Mikel Garaizabal enologoak emango du eta Arabako Errioxako ardo beltzak eta txakolinak dastatuko dira. Pertsona bakoitzak ezin izango ditu 3 lagun baino gehiago apuntatu.

Eta ardoaren bueltakoa izango da baita ere, ostiralean, Villabonako Aljibean eskainiko duten Oh Vino antzerki lana. Malagako La Liquida konpainiak eskainiko du. David Garcia-Intriago bakarlaria ariko da bakarrizketa eskaintzen eta bitarte horretan, publikotik jendeak ardoa dastatzeko aukera izango du. 20:30ean hasiko da emanaldia eta sarrerak 6 euro balioko du.

SUKALDETIK KALERA

Maiatzak 13, ostirala
20:30. Villabonako Aljibean Oh Vino emanaldia. Ardoaren inguruko antzerki lana izango da..

Maiatzak 14, larunbata
10:30. Ardo dastaketa, Mikel Garaizabal enologoaren eskutik Gurea zinemako sarreran.
11:00. Berdura plazan parrila tailerra Koldo Manterolarekin. 10:15ean eta 11:15ean.
12:00. Txuleta eta pintxo dastaketa Berdura plazan.
18:30. Villabonako I. Txanpinoi lehiaketa Berdura plazan.
19:30. Burruntzi tailer irekia Nicolas Esnaolaren eskutik, Berdura plazan.
20:00. Arkume eta sagardo dastatzea izango dira Berdura plazan.

Ez diogu hau kapritxo hutsagatik: lagun gaitzazu . Eduki hau guztia doan ikus dezakezu euskarazko hitzik gabeko Tolosaldea ez dugulako irudikatzen. Atarikide, iragarle eta erakunde askoren laguntzarik gabe ez litzateke posible hori. Gero eta komunitate handiagoa sortu, orduan eta sendoagoa izango da Ataria: zurekin, zuekin. Ez utzi biharko gaur egin dezakezun hori: egin zaitez Atarikide!


EGIN ATARIKIDE!