Presoa eta bere bikotekidearen arteko amodioa, ziegan

Jon Miranda Labaien 2016ko api. 18a, 10:00

Xabier Mendigurenen Amodioaren ziega testu dramatikoak gaurkotasunezko egoera bat kontatzen du, egoera sozio-politiko konkretu bat. Kartzela bateko «bisean biseko» bat hain zuzen. 

Bikote bat da protagonista (Aitor eta Miren). Bata presoa eta bestea bisitan doakion bikotekidea. «Egoeran harrapatuta, ihes egin ezinik, aske izateko eta bizirik sentitzeko eskubideagatik borrokatzen dute. Bien arteko hari hauskorrenak zein indartsuenak begi bistan utziz».

Bi dira protagonistak, baina lau taula gainean ariko diren aktoreak. Eneko Sagardoi, aktore horietako baten esanetan, «hori taula zuzendariaren lana izan zen, nahiz eta Manex Fuschesek aurretik amua bota. Testu originaletik gehien aldentzen den puntua da hori. Bereizi nahi izan genituen bi plano». Bikote bat, akziora, emozioetara, momentura, 'orain eta hemen' horretara bideratuta dago, krudeltasunera eta gordintasunera. Beste bikoteak, burua, arrazoia, epe luzerako bizi proiektuak, trabak, arazoak eta poesia ditu espresiobide. «Bikote batek, bihotza eta besteak burua adieraziko luke, sinple esatearren». Gero bikoteak hautsi egingo dira, eta ziegatik aterako dira, elkarrekin hitz egingo dute...

Momentu berezia da antzerki lanean kontatzen dena eta ez ohikoa da espazioa, kartzela, alegia. «Baina dudarik gabe, maitasunaz hitz egiten da bikote baten harremana delako. Maitasunaz, askatasunaz, loturez, gezurraz hitz egiten da». Ostiralean, hilak 22, Villabonako Gurea aretoan ikusi ahal izango da, Amodioaren ziega.

 

ENEKO SAGARDOI. AKTOREA

«Ez dakigu oraindik oso ondo, guk aukeratu ote genuen testua edo testuak aukeratu ote gintuen gu»

Zein izan da, orain arte, antzerki lanarekin egin duzuen ibilbidea?

Amodioaren ziega, 2015eko otsailean estreinatu genuen eta ordutik 25 emanaldi egin ditugu. Talde sortu berri batentzat oso emaitza ona da eta oso pozik gaude. Espero genuen publikoaren zati handi bat geureganatzea eta ukitzea, izan ere antzerki lanaren gaia berezia da: preso dagoen mutil bat eta bere bikotekidearen arteko harremana kontatzen du, kartzela barruan. Eta zoritxarrez, oraindik ere gure gizartea zuzenean ukitzen duen gai bat da. Gainera, «bisean bisekoaren» eszena horrekin inoiz plazaratu ez denez, sumatzen genuen askori bihotza ukituko geniola. Emanaldiak bukatzerakoan preso ohiak, senitartekoak edo herritarrak etorri zaizkigu. Asko hunkituta atera dira, beste batzuk indar berrituta eta badira ez zutela azaldu behar esan izan digutenak. Baina, oro har, zerbait mugitu dugu etorri direnen artean, eta hori gure lana bide onean joan denaren seinale da.

Nola sortu zenuten Lauka Teatro taldea?

2014ko apirilean jarri genuen lehen hazitxoa. Aulestin, Artedramak antolatzen duen ADEL laborategian hainbat ikasle bildu ginen eta Xabier Mendigurenen testu hau landu genuen. Bertako irakasle batek, Manex Fuchsek, lan hau taularatu egin behar zela esan zigun eta momentua hori zela. Martxan jarri eta urtebeteko epean taldea sortu genuen. Epe hori pasata estreinatu genuen Amodioaren ziega. Ez dakigu oraindik oso ondo, guk aukeratu ote genuen testua edo testuak aukeratu ote gintuen gu.

Zergatik aukeratu zenuten Lauka izena talderako?

Jolasean ibili ginen izena topatzeak dakarren ilusio horrekin. Alde batetik, lau kide garelako aukeratu genuen izena, lau katu garelako. Lau hankatara aritzearena ere gustatzen zaigu, antzerkia lotzen dugulako deskubritzearekin, edo umetasun edo inozentzia horrekin. Lauka izena polita da eta beste talderik ez zegoenez izen horrekin, horrela erabaki genuen. Nazaret Foufre, Urki Muguruza, Joana Ocaña, eta neroni gara taldeko lau kideak. Nazaret berriztarra, Urki zarauztarra eta Joana eta biak durangarrak gara. Horiekin batera, proiektura ekarri genituen, taula zuzendaritzan Ander Lipus eta soinu espazioa eraikitzen Xabier Erkizia, esperientzia handiko pertsona. Arantxa Flores ere aritu da teknika lanetan. Talde majoa osatu dugu eta guretzako, talde sortu berri batentzat, pozgarria da horrelako aterpe eta babes bat edukitzea hasieratik.

Taldeko kideek ikuspegi bera duzue antzerkiarekiko?

Egia da talde asko sortzen direla ikuspegi edo sentsazio artistikoetan lotuta, antzerki, gai edo poetika jakin baten bueltan. Gu ez ginen hortik jaio. Gurea izan zen gehiago, testuak batu gintuela, eta hortik sortu zela taldea. Ibilbide honetan, ordea, deskubritu dugu lauroi gustatzen zaigula berritzea, lengoaia berriak topatzea, konbentzioetatik ihes egitea eta apur bat laborategi edo sorkuntza kolektibora bideratzea. Baina horiek guztiak gerora komunean agertu diren puntuak izan dira eta ez dira modu kontzientean sortu.

Bazenuten testu honen berri?

Lauretako inork ez zuen testua ezagutzen. Manex Fuchsek aurrez esan zigun testu hori landuko genuela eta jardunaldietara joan aurretik irakurri genuen. 2013an idatzia da eta 13 urte pasa arren, gaur gaurkoa da. Inoiz baino beharrezkoagoa, kasik. Gu, hor bai bagatozela bat laurak. Badira gaur egun gai batzuk kolpatzen gaituztenak, adibidez, kartzela eta presoen gaia. Eta presente dago gure gizartean eta gure komunitatean. Antzerkiak ez du zertan errealista izan behar baina oholtza gainera errealitatea ekarri behar du, modu batera edo bestera. Gure ustez, gai hau errealitatea da, batzuentzat besteentzat baino gehiago, baina hor dagoen kontua da.

Zein izan da taldeak testuarekin egin duen lana?

Abiapuntu nahiko sendoa genuen, testua osatua eta ondo landutakoa baitzen. Testu dramatikoa zen, antzerkirako idatzia. Gero nabaritu genuen, obra luzetxo bat egiteko, bazuela material baten beharra. Xabierrekin hitz egin genuen eta esan zigun idatziak zituela poesia batzuk eta kontakizun batzuk gaiarekin lotura zutenak. Ander Lipusek dramaturgia sortzerakoan egin zuena izan zen, kanpoko bikote horri, burua irudikatzen duenari poesia eman. Irlatxo bat, leku isolatu bat, ziega onirikoagoa batean sartu genuen bigarren bikotea. Kartzela den leku gris eta itxi horretan, arnasa sartu dugu, hondartza eta itsasoa barneratuz. Mundu hori ere egile berdinarena denez, komunean badago imajinarioa edo idazteko modu bat eta guztiz ondo josi da antzerki lana. Beste gorputz bat eman dio, jatorriz testu dramatiko hutsa zen horri.

Nolako eszenografia aukeratu duzue antzerki lanerako?

Testua oso sinplea da: maitasun istorio bat kontatzen da kartzelan kokatua. Argi geneukan ez genuela atrezzo handirik behar eta kartzela harearekin markatzen dugu. Ohea da elementu zentrala eta objektu bakan batzuk badaude oso beharrezkoak direnak. Bestela, nahikoa planteamendu hutsa da. Testuak, hitzak eta isiluneak badute nahikoa pisu eta ez dugu beste elementuren beharrik. Gainera, hor dago bi bikoteen arteko jolasa. Gero guretzako ere mesede da, ordu erdian betetzen dugulako furgoneta eta hori antzerki produkzio batean ez da ohikoa izaten.

Zergatik jo zenuten Ander Lipusengana?

Guk Manex Fuchsi galdetu genion. Elkarrekin lan egin izan dutenez, Lipusi proposatzeko esan zigun. Gu oso erakarrita sentitzen ginen Lipusen antzerkia ikusteko modura. Bere obretan presente dagoen grotesko, gordintasun eta krudeltasun, 'okela' hori oso gustuko dugu. Amodioaren ziega, ez da hain gordina fisiko edo mugimendu aldetik, izan ere, gaiak berak badu gordintasun hori. Lipus ibilbide luzeko pertsona da eta plazera izan da bide honetan gure ondoan izatea, ikasketa eta suerte handi bat izan da.

Ibilbidearekin gustura?

Itzela izan da gure kasua. Ez genuen inondik inora espero. 25 emanaldi inguru izan dira. Zapaldu dugu Lapurdi, Bizkaia, Gipuzkoa, eta oso pozik gaude. Donostian ere egin genuen aurrekoan. Talde sortu berri bat, euskaraz lan egiten eta gai hau tratatzen... gauza handia izan da eta abendura arte jarraitzeko asmoa dugu. Oso pozik eta eskertuta gaude.

Lan berririk ba al du buruan Lauka Teatro taldeak?

Orain bakoitza hainbat proiekturekin dabil bakoitza bere aldetik, interes ezberdinak dauzkagulako momentuan. Hau izan da lehen obra, orain atsedentxo bat hartuko dugu eta batek daki hemendik urtebetera zer aterako den. Mugimenduan gaude eta oraindik ez gara Lauka Teatro taldeari lotuta sentitzen. Gauza asko eman dizkigu eta ikusiko dugu etorkizunak zer ematen duen.

Zeini gomendatuko zenioke antzerki lana?

Edonori, noski. Baina mezu bat bidali nahi nieke, bikotea barruan dutenei edo preso egon direnei. Horietako askok, beldurra adierazi izan digute eta nik esango nieke lasai egoteko, ez dezatela beren burua behartu. Ezin badute etorri, ez daitezela etorri. Villabonan bertan bideoa grabatuko dugu. Egia da antzerkia antzokian ikustea dela onena, baina aukera hori ere izango da, gerora ikusi nahi duenarentzat. Arnas apur bat eta indarra hartzeko aukera izan daiteke, terapiatxo bat, berotasun bat jasotzeko abagunea. Gu onena ematen saiatuko gara. Publikora heltzeko ahalegina egingo dugu.

Erlazionatuak

Ez diogu hau kapritxo hutsagatik: lagun gaitzazu . Eduki hau guztia doan ikus dezakezu euskarazko hitzik gabeko Tolosaldea ez dugulako irudikatzen. Atarikide, iragarle eta erakunde askoren laguntzarik gabe ez litzateke posible hori. Gero eta komunitate handiagoa sortu, orduan eta sendoagoa izango da Ataria: zurekin, zuekin. Ez utzi biharko gaur egin dezakezun hori: egin zaitez Atarikide!


EGIN ATARIKIDE!