Zubi, euskal antzerkia bultzatzeko egitasmoa

Jon Miranda Labaien 2016ko api. 18a, 10:00

Bi mila eta hamabian, euskal antzerki-sorkuntza profesionalaren egoerari buruzko ikuspegi komuna partekatzen zuten zortzi egiturek sortu zuten Zubi proiektua. Ekimenean parte hartzen dutenak: Durangoko San Agustin Kultur Gunea (Bizkaia), Ametx Zornotza Aretoa (Bizkaia), Elorrioko Arriola Aretoa (Bizkaia), Luhusoko Harri Xuri-Karrikako arteen fabrika (Lapurdi), Donazaharreko Herri Antzokia (Nafarroa Beherea), Leioako Kultur Gunea (Bizkaia) eta Aulestiko Artedrama Euskal laborategia (Bizkaia) dira.

Euskal antzerki ikuskizunak hedatzeko eta sustatzeko aukerak gehitzea izan zen asmoa, hasieratik: «Erronka bat da guretzat. Adiskidetasun mugimendua izan da, elkarrekin lan egiteko. Euskal antzerkia euskara gizarteratzen laguntzeko oso garrantzitsua da».

Zubi proiektuaren bidez, urtero euskarazkoak edo testurik gabekoak izango diren lanak saritzen dituzte eragileek. Irabazleak diru laguntza eskuratzen du, zazpi antzokietako bat erabiltzen du lana prestatzeko eta ondoren bere lana zazpi guneetan eskaintzen du. 2014an laguntza jaso zuen antzerki lana Amodioaren ziega izan zen. Eneko Sagardoiren esanetan, «ez dakit, laguntza hori gabe obra sortu ahal izango genukeen; ez behintzat oraingo moduan. Zubik eman digu, aholkularitza artistiko bat, oinarrizkoa ordaindu ahal izateko dirua eta babes bat. Zazpi antzokik osatzen dutenez proiektua, zazpi emanaldi lotuta geneuzkan hasieratik eta hori, gaur egun, oso abiapuntu altua da gure munduan. Erakusleiho bat ziurtatzen dizu, beste programatzaileek ere zure lana ikusteko aukera dutelako. Gu oso pozik gaude».

Lehen edizioan Eneritz Artetxeren Konpota lana lagundu zuten eta bigarrengoan Lauka Teatro taldearen egitasmoak. «Gure urtean, beste hiruzpalau proiekturi ere lagundu zieten, beste modutara. Egonaldiak musu truk eskaintzen, aholkularitza ematen, emanaldiak lotzen...», dio Sagardoik. «Nik animatuko nuke jende guztia bertara aurkeztera. Bada aukera on bat, lan egiteko sanoago, lasaiago eta profesionalago den leku batetik abiatuta».

Programatzaileen ekimenez sortutako laguntza bat da Zubi, talde sortu berriei bultzadatxo bat emateko sortu den plataforma bat. Proiektuaren sorreretatik hasita hedatzeko fasera arte ematen du laguntza eta urtez urte, euskara hutsezko lan berri bat sortzea ahalbidetzen du. «Gaur egun talde sortu berriek ezinezkoa dute baldintza duinetan lan egitea», Sagardoiren ustez. «Saioak kobratzen eta kontratatzen dituzun beste gremioetakoei ordainduz lan egitea oso zaila da. Iturri publiko eta instituzionaletatik laguntzarik ez dugunez, badago hor diru laguntza bat sortu dena, Zubi izenekoa. Eta hori eskertzekoa da».

Ez diogu hau kapritxo hutsagatik: lagun gaitzazu . Eduki hau guztia doan ikus dezakezu euskarazko hitzik gabeko Tolosaldea ez dugulako irudikatzen. Atarikide, iragarle eta erakunde askoren laguntzarik gabe ez litzateke posible hori. Gero eta komunitate handiagoa sortu, orduan eta sendoagoa izango da Ataria: zurekin, zuekin. Ez utzi biharko gaur egin dezakezun hori: egin zaitez Atarikide!


EGIN ATARIKIDE!