Presoen eskubideen defentsa azken muturreraino eramango du Sortuk

Jon Miranda Labaien 2016ko apirilaren 14a

Atzo iluntzean egindako elkarretaratzea. Iturria: Aiurri / Ainhoa Arozena

Astelehenean, 19:00etan, Malkar plazan biltzeko deia egin du Amasa-Villabonako Sortuk.

Hainbat herritarrek haserrea adierazi zuten atzo iluntzean, Malkar plazan egindako batzarrean, Amasa-Villabonako udalak plaza horretan bertan pintatuta zegoen euskal presoen Euskal Herriratzea eskatzeko ikurra ezabatzea erabaki ondoren."Baina haserrearen gainetik, presoen eskubideen defentsan jarraituko dugu eta defentsa hori azken muturreraino eramango dugu", esan du Amasa-Villabonako Sortuk. Krispazioa eta samina eragitea egotzi diote Villabonako EAJri eta, alderantziz, Sorturen gogoa, "herri honi proiektu sendo bat" eskaintzea dela esan dute.

Gehiengo sozial eta politiko zabal batek bere egiten duen ikurra erakusteko deia luzatu dute Amasa-Villabonako Sortutik, "gure herria beti izan delako presoekin solidarioa eta halaxe izaten jarraituko du aurrerantzean". Herriko kale, etxe, taberna eta saltokietan euskal presoak Euskal Herriratzeko ikurra zintzilikatzera animatu dituzte herritarrak eta astelehenean, apirilak 18, Malkar plazan egingo den batzarrera azaltzeko eskatu diete.

Beste deialdi batzuk

Amasa-Villabonako Sortuk datozen orduetan izango diren beste hitzordu batzuk gogoratu ditu. Nekane Txapartegiren atxiloketa salatzeko elkarretaratzea egingo da bihar ostirala, apirilak 15, Asteasuko plazan, 20:00etan.

Bestalde, igandean, Amnistiaren norabidean, preso eta errefuxiatua etxera goiburuarekin Bilbon ospatuko den manifestazioan parte hartzeko gonbidapena luzatu du. Hitzordu horretara joateko deia egin dute Amasa-Villabonako 17 preso eta iheslari ohik. Eguerdiko 12:00etan aterako da La Casillatik.

Ez diogu hau kapritxo hutsagatik: lagundu iezaguzu. Eduki hau guztia doan ikusten duzu ez dugulako irudikatzen euskarazko hitzik gabeko Tolosalderik. Atarikide, iragarle eta erakunde askoren laguntzarik gabe ezinezkoa litzateke. Zenbat eta komunitate handiagoa sortu, orduan eta sendoagoa izango da ATARIA: zurekin, zuekin. Ez utzi biharko gaur egin dezakezuna: egin zaitez Atarikide!


EGIN ATARIKIDE!