Eskualdeko boxeo izarrak

Asier Imaz 2016ko mar. 18a, 12:00

Migel 'La Roca' Medrano eta Jon 'Huracan' Iriarte bi billabonatarrak boxeolariak duela urtebete eskas hasi ziren boxeoan, Team Latigo Boxing taldean, Oreretan. Azaroan euren lehen borrokaldia eduki zuten. Hitzordu horretarako, batek hamar kilo galdu zituen, eta besteak hamalau.

Villabonako elizaren aurrean zen hitzordua Jon Ander Iriarte eta Migel Medranorekin. Autoa hartu eta Oreretara. Bertako kiroldegian sartu eta beheko solairura. Bertan zeuden Team Latigo Boxing Elkarteko beste kideak, batzuk entrenatzen, besteak iritsi berriak. Tartean, entrenatzailearen semea, Latigo Perez gaztea; boxeolari profesionala. Beheko solairuko gela hotz bat, eta larrialdi irteera batera eramaten duen pasilo bat. Lokal berri baten zain, ahal duten lekuan egiten dituzte entrenamenduak. Nola da posible baldintza horietan entrenatzea? Eta nola da posible zulo horretatik boxeolari profesional bat ateratzea? Hain justu, horixe izan daiteke boxeoa zer den ulertzeko modurik onena. Aurreiritziak hotz gelditzen dira bertan. Ikusgarria.

Boxeoa?
M.M.: Betidanik nuen boxeoa buruan. Jon Ander eta biok txikitatik lagunak izan gara, eta bera Batis Kortajarenarekin ibiltzen zen halterofilian. Batisek Xebas gure oraingo entrenatzailea ezagutzen zuen. Horrela hasi ginen, eta egia esan, izugarri gustura gabiltza.
J.I.: Egia esan oso txikia naiz daukadan pisurako. Ni halterofiliatik nator, eta hor izter handiak izaten dira. Orain erdira jaitsi ditut izterrak. Erreparatzen baldin baduzu, boxeoan oso finak izaten dira.

Berriro. Boxeoa?

J.I.: Beti gustatu izan zait. Gauza gogorrak egin zale naiz, eta txikitan halterofilian sartu nintzen. Orain boxeoan. Horrez gain, laguntasun handia dago hemen, nahiz eta aurkakoa iruditu. Borrokaldi bat ikusten duzunean, bortizkeria izugarria ikusten duzu, edo iruditzen zaizu, baina amaitzen denean, izugarrizko laguntasuna egoten da; sinestezina da. Kanpotik, edo nire amari, zaila egiten zaio ulertzea, baina izugarria da.
M.M: Txikitan futbolean ibili nintzen, eta gero gimnasioan. Lanagatik lehen denbora handirik ez nuen, baina aukera sortu zenean ez nuen bi aldiz pentsatu. Entrenamendu horiek, diziplina hori… asko gustatzen zait.



Oreretara etortzen zarete entrenatzera. Astean zenbat aldiz egiten duzue bidaia hau?
J.I.: Egunero. Astean bost egunez ahal baldin bada. Urtarrilean urtebete bete zen hasi ginela.
M.M.: Lanaren arabera moldatzen gara, baina Jon Anderrek esan duen bezala, ahal baldin badugu egunero.

Zergatik egunero entrenatu behar hori?
J.I.: Boxeoan azkar galtzen delako landua. Gure lehen borrokaldiaren aurretik, nire buruari esaten nion: «ezin dut entrenamendurik galdu, ezin dut». Oso urduri ibili nintzen, eta azken bi asteak, nire bizitzako okerrenak izan ziren. Presio handia sentitzen nuen; ezin lorik egin. Buruan entrenatzera etortzea besterik ez nuen.
M.M.: Azken aste horiek oso gogorrak izan ziren, bai. 69 kilo eman behar nituen nik, eta 67 eman nituen. Urduri sentitzen nintzen erabat. Gero egia da, ring-era igo eta dena desagertzen dela.



Azaroan izan zen lehen borrokaldi hori. Nola gogoratzen duzue?
J.I.: Sarean foro desberdinetan begira ibili nintzen, lehen borrokaldien inguruko informazioa irakurtzen. Pentsa nire eskizofrenia maila noraino joan zen. Mundu guztiak esaten zuen okerrena lehen borrokaldia izaten dela. Orain badakigu zer den hori, eta lasaiago gaude.
M.M.: Janariaren kontua izan zen niretzat gogorrena. Hemen denetik jatera gaude ohituta, baina orduan, platano bat edo mandarina bat jan eta ohera. Hori oso gogorra izaten zen. Gose asko pasatu behar izan genuen. Jon Anderrek 14 kilo galdu zituen, eta nik 10.
J.I.: Nire pisua 77-78 kilo dira, berez, baina 75ean sartu nahian gabiltza. Batisek esaten zuen, hori ez zela nire pisua, asko sufrituko nuela. Eta arrazoia eman beharrean nago. 78an ibiltzeko txukun jan behar izaten dut, eta kosta egiten baldin bazait, pentsa 75ean sartzeko. Asko estutu behar izan dut, baina asko-asko.

Gorputza ere aldatuko zitzaizuen, orduan.
J.I.: Lehen ez zeuden lekuetan giharrak ateratzen zaizkizu, eta lehen zeudenetan galdu.
M.M.: Trapezioak, eta besoek asko sufritzen dute. Gero, abdominalak asko indartzen dituzu.

Eta lehen borrokaldira itzuliz, jendea begira dagoela lehen aldiz ring batera igotze hori, nolakoa izan zen?
M.M.: Zaila da hitzekin azaltzea.
J.I.: Urte guztia sufritzen, hemen sartu ditugun orduak, eguneroko bidaiak,… eta dena momentu horretarako. Guretzat sari moduko bat izan zen. Gainera, gure inguruko jende piloa zegoen harmailetan.
M.M.: Ondo prestatu nintzela errepikatzen nion nire buruari. Eta gero, «tapatu, eta eskua atera», «tapatu, eta eskua atera»… besterik ez nuen buruan.

Foroek arrazoia al zuten? Hain txarra izan zen?
J.I.: Ring-era sartzeko soka pasa nuenean, nire buruan zerbait aldatu zen. Denak «Huracan», «Huracan» oihukatzen entzutea. Ez dakit zergatik baina lasaitu egin nintzen. Aurkaria azkar hasi zen, bizi. «Nekatuko haiz» pentsatu nuen. Eta horrela izan zen, nekatu, akatsa egin eta nire aukera etorri zen.

Hiru minutuko hiru borrokaldi.
M.M.: Eta nahikoa.
J.I.: Oso luze egiten dira. Ondo kudeatu behar izaten da denbora, bestela, ez zara iristen. Ero moduan hasten baldin bazara, haizerik gabe gelditzen zara, eta kaja gabe soka artean, hilda zaude. Oxigeno gabe hankek ez dute erantzuten, eta zutik egoteko ere komeriak izaten dituzu.

Zer ikasi zenuten lehen borrokaldi hartatik?
J.I.: Nagusiak esaten duena horrela dela. Hark esaten dizunak asko balio du. Eta lanean jarraitu behar dugula.
M.M.: Beste bat egiteko gogoarekin geratzen zara. Lehen borrokan kolpe handiak hartu eta gaizki pasatzen baduzu, agian sentsazioak beste batzuk izango dira, eta horiek ere ezagutu ditugu. Sparring moduan beste klubetara joan izan garenean, niri gertatu izan zait sufritu eta erabat behera erortzea. Baina hau familia bat bezalakoa da, eta gora etortzen laguntzen dizute.

Lagunek zer esan zizuten?
J.I.: Ea noiz den hurrengoa.

Eta etxean?
J.I.: Boxeoan hasi behar nuela esan nionean, lehendik ez baldin bazuen etsi, orduan erabat etsi zuela uste dut. Bera behintzat borrokaldiak ikustera ez zela joango esan zidan. Ni boxeoan hasi aurretik, anaia kick boxing-ean ibiltzen zen, beraz, medizina hartuta zegoen; ia bakuna hartuta zegoen.
M.M.: Nire kasuan ama urduri jarri zen. Lehen borroka aurretik egunero-egunero oso urduri ibiltzen zen. Gero ikusi ondoren, lasaiago.

Eta beste pertsona bati kolpeak emate hori, nola eramaten da?
J.I.: Hau ez da kaleko borroka bat bezela, non haserretu eta bere bila joaten zaren. Boxeoan entrenatzaileak irakatsi dizun teknika probatzea besterik ez duzu buruan.
M.M.: Ikasitako teoria hori praktikan jartzea bezala izaten da.

Teoria hori nola lantzen duzuen hemen, entrenamenduetan?
J.I.: Luzaketa batzuekin hasten gara.
M.M.: Eta gero korri pixka bat, zakua, puntx-a, eta entrenatzailearekin saioak.
J. A. : Sparring moduan ibiltzen gara bi edo hiru borrokaldi eginez entrenatzailearekin. Eta ikusgarria da bera nola ibiltzen den, erabat gure gainean, mugimendu txikiena ere zuzentzen.
M.M.: Entrenatzailea topera ibiltzen dela ikusten duzunean, motibazioa sortzen dizu; entrenamenduetara gehiago etortzeko gogoa sortzen dizu.

Eta zuek zer eskatu diozue boxeoari?
J.I.: Ez daukat helburu zehatzik, hau da, nire helburua ez da profesional ikuspegi batetik ibiltzea. Nire maila nolakoa den ikusi besterik ez dut egin nahi. Esfortzuarekin noraino iritsi garen ikusi dugu. Ez baita edonor igotzen ring batera. Sakrifizio handia izan da. Gipuzkoako edo Euskadiko taldearekin ibiltzea polita izango zen, baina ez baldin bada aukerarik sortzen ez da ezer gertatzen. Probatu dugu eta gustura gaude. Entrenamenduetan ere ondo. Boxeoa gustatzen zaigu, eta oso jende jatorra ezagutu dugu. Ez dago gehiago eskatzerik.
M.M.: Badakigu ez garela hemendik biziko, beraz, kirol hau ezagutzearekin gustura gaude.

La Roca eta Huracan. Nondik dator ezizen horien kontua?
J.I.: Hori entrenatzaileari galdetu beharko diozu; horrela bataiatu gintuen.

Erlazionatuak

Ez diogu hau kapritxo hutsagatik: lagun gaitzazu . Eduki hau guztia doan ikus dezakezu euskarazko hitzik gabeko Tolosaldea ez dugulako irudikatzen. Atarikide, iragarle eta erakunde askoren laguntzarik gabe ez litzateke posible hori. Gero eta komunitate handiagoa sortu, orduan eta sendoagoa izango da Ataria: zurekin, zuekin. Ez utzi biharko gaur egin dezakezun hori: egin zaitez Atarikide!


EGIN ATARIKIDE!