'Latigo' ez dago toalla botatzeko

Asier Imaz 2016ko mar. 18a, 12:05

Sebastian 'Latigo' Perez da Team Latigo Boxing Elkartearen arima. Bizitakoa irakastea da bere eginkizuna. Ordu asko eskaini dizkio maite duen kirolari; eta hasi da merezitako fruituak biltzen.

Sebastian Perez Latigo da bi billabonatarren entrenatzailea. Team Latigo Boxing Elkartea berak sortu zuen, horrenbeste maitu duen kirola, belaunaldi berriei erakusteko. Garai zaharrak gogoan, berrietan eragina izan nahi du. Urrutira joan gabe, lekukoa semeak hartu dio, Latigo Juniorrek. Sebastian Perezen semea profesional bezala hasiberri da boxeoan; aitaren urratsak jarraituz. Bi ikasle berrirekin, gustura dago Latigo aita.

«Iriarterekin pixka bat errazagoa izan da. Bera halterofiliatik dator, eta une honetan bi kirol egiten ari da. Indarrez ondo zegoen, baina gogor xamarra. Halterofiliak arintasuna kentzen dizu, ondorioz, hasteko, 14 kilo kendu genizkion». Horrela sartu zen Iriarte 75 kilotan, Perezen hitzetan. «Gero teknika, teknika eta teknika erakutsi diogu. Beste elkarteetara ere bidali dugu, guanteoak egitera», dio entrenatzaileak.

Migel Medrano ere ondo entrenatzen ari dela dio Latigok. Hala eta guztiz ere, ongi daki Medranok lan kontuengatik zailtasun handiagoak dituela entrenatzera joateko: «Boxeoa eta lana ez da konbinazio erraza. Entrenamenduetara ez baldin bazara denboraldi batean agertzen, irabazitako hori segidan galtzen duzu. Ahal dutena egiten ari dira, eta emaitzak onak izaten ari dira».

Debuta Oreretan bertan egin zuten bi billabonatarrek. Azaroan izan zen, eta Latigok dioen bezala, lehenik ongi prestatu behar izan zituen mutilak hitzordu horretarako: «Huracanek irabaztea lortu zuen. La Rocak, aldiz, galdu; baina esperientzia handiagoa zuen boxeolaria izan zuen aurrean. Teknika eta defentsa landu genituen gehienbat, zazpi edo zortzi hilabetez. Ring-era igo aurretik denbora hori pasa behar dute, gutxienez. Ez badute irabazten, gutxienez zigor handiegirik ez dezatela jaso. Eta horretarako defendatzen irakatsi behar zaie».

Boxeoaren osasuna

Huracan-en eta La Roca-ren bigarren borrokaldiak ez dauka data zehatzik. Latigok dioen bezala, ez da erraza horrelako jaialdi bat antolatzea: «Ekitaldi garestia izaten da. Elkarteak orain arte urtean bakarra antolatu izan ohi du. Aurten hiru egin nahi ditugu, baina horretarako data egokiak bilatu behar dira, jendeak atzera egin ez dezan».

Urtarriletik abendura bitarteko egutegia hartuko du eskuetan Sebastian Perezek, izan ere, boxeo denboraldia urte osora zabaltzen du Latigok. Beste nonbait, beste elkarteren batek boxeolariak eskatzen baldin badizkio jaialdi baterako, berak prest izan nahi ditu. Aukerak ez dira asko izaten, baina bakan horiek ere ez ditu galtzen utzi nahi entrenatzaileak.

Sebastian Perezen esanetan, boxeoa lehen osasuntsuagoa zegoen. Orain berriro indartzen ari dela ematen du, baina saiakera baten barruan sartu behar da: «Team Latigo Boxing Elkarteak bezala, beste taldeek ere euren jaialdiak antolatzen dituzte. Ingurukoen artean harremana egoten da, eta elkarren laguntzarekin antolatzen dira borrokaldiak». Gasteiz, Bilbo, Santander... elkarte desberdinetara joaten dira jaialdi bat antolatzeko, boxeolariak ikusi eta eskatzera. Joan-etorriko harremana izaten da hori, horrela, kirolariek etxetik kanpo aritzeko aukera ere izaten dute. Hortik gora, Nazioarteko Amateur Boxeo Elkartea dago. Selekzioen artean liga bat martxan jarri nahian dabiltza. «Pixkanaka-pixkanaka doa dena, baina emaitza onak ematen ari dela dirudi».

Bi billabonatarrak oraindik urrun dute selekzioen ametsa, baina ametsa amets denez, batek daki. Nork esango zien duela ez horrenbeste, Huracan eta La Roca bezalako ezizenak izango zituztenik. Zerbaitengatik izango da.

Ez diogu hau kapritxo hutsagatik: lagun gaitzazu . Eduki hau guztia doan ikus dezakezu euskarazko hitzik gabeko Tolosaldea ez dugulako irudikatzen. Atarikide, iragarle eta erakunde askoren laguntzarik gabe ez litzateke posible hori. Gero eta komunitate handiagoa sortu, orduan eta sendoagoa izango da Ataria: zurekin, zuekin. Ez utzi biharko gaur egin dezakezun hori: egin zaitez Atarikide!


EGIN ATARIKIDE!