Interneten ondo nola jokatu ikastea eta sarean nerabeek dituzten eskubideak eta betebeharrak argitzea dira informazio eta komunikazio teknologien arriskuak prebenitzeko programaren helburuak. Gipuzkoako Foru Aldundiko Gazteria zuzendaritzak eta herrialdeko gaztelekuek bultzatu dute kanpaina, nerabeen artean iritzi kritikoa eta eztabaida prozesuak sustatzeko.
Amasa-Villabonako eta Tolosako gaztelekuek hartu dute parte egitasmo honetan. Asteotan hezitzaileak hainbat tailer eta dinamika egiten ari dira Gipuzkoa osoan teknologiaren erabilerari dagozkion portaera eta jarrera egokiak azaltzeko asmoz. Ezagutza digitalekin zuzenean lotura duten gaiak dira, eta bestelako balio batzuk jorratzen dira zeharka, berdintasuna eta besteekiko errespetua, esate baterako.
Lehiaketa Instagramen
Oinarri pedagogikoa duen proiektuari praktikotasuna emateko asmoz, Instant1ean lehiaketa sortu dute izen bereko sare sozialean. 13 eta 17 urte arteko nerabeek beren arteko harremanak bizitzeko, pentsatzeko, ekiteko moduak aurkeztu ahal izango dituzte argazki bidez, beti ere, #instant1ean traola erabilita.
Apirilaren 3ra bitartean parte hartzeko aukera izango dute gazteek. Hasiera batean egitasmoa gaztelekuetan lantzeko sortu bada ere, lurraldeko ikastetxe eta aisialdi taldeei ere ezagutzera eman zaie. Beraz, lehiaketa irekia izango da eta Gipuzkoako nerabe guztiek parte hartu ahal izango dute www.gipuzkoangazte.eus/instant1ean helbidean izango dute interesatuek lehiaketaren inguruko informazioa.