Pasahitza (zaharra)

Oilaskoa baratxuri erara

Ataria 2016ko otsailaren 18a

Agustin Laskurain billabonatarrak oilaskoa prestatu digu errezetaren tartean.

Oilaskoa erosteko garaian, harakinari zati ertainetan zatitzeko eskatuko diogu, gisatu erara prestatzeko aproposa baita honako mozketa.

Behin oilasko zatiak prest ditugula, gatzatu eta piper hautsa gehituko diogu eta jarraian irinetik pasako dugu. Oilaskoa astinduko dugu, soberan duen irina kentzeko -bestela, zuzenean mitxelinetara joango zaigu eta-.

Kazola batean garbitu eta zatituta ditugun baratxuriak bota eta frijitzen jarriko ditugu. Kolore pixka bat hartzen duenean, sutik aterako dugu. Jarraian kazola horretan oilaskoa sartuko dugu. Oilaskoa frijituko dugu, urre kolorea eman arte. Eta jarraian, sutik ateratako baratxuri horiek sardexka baten laguntzarekin zapaldu eta pure antzeko bat egingo dugu eurekin.

Ondoren, berriro ere kazolan botako ditugu. Momentu honetan, ardo zuria gehituko diogu, alkohola joan arte apurtxo bat itxarongo dugu -minutu baten kontua izan daiteke-. Eta jarraian, salda gehituko diogu. Tapa baten laguntzaz, kazola estaliko dugu eta 20-25 minututan prest izango dugu -baserriko oilaskoa bada, denbora gehiago behar izango dugu-.

 

OSAGARRIAK

OILASKOA BARATXURI ERARA

Oilaskoa.

Baratxuria (buru bat).

Ardo txuria.

Oilasko salda (Izan ezean, ura erabili daiteke).

Olioa.

Gatza.

Piper hautsa.

Irina.

ATARIA ez da soilik komunikabide bat: komunitate baten ahotsa da, eta urte hauen guztien ondoren, zuen babesa behar dugu, inoiz baino gehiago: ATARIAk behar du Tolosaldea. Horregatik erronka bat daukagu esku artean: gure eskualdeko 28 herrietan hamarna harpidedun berri behar ditugu. Zu falta zara, bazatoz?


EGIN ATARIKIDE!