Aurre-akordiotik behin betiko akordiora iristeko negoziatzen

Tolosaldeko Ataria 2016ko ots. 10a, 20:01

EAJren batzarrak aldaketak egin dizkio aurre-akordioari eta EH Bilduk negoziatzen jarraitu ahal izateko, sistema berriarekin %70eko birziklatze tasa lortzen ez bada neurri zuzentzaileak hartzeko konpromisoa jarri du baldintzatzat

Amasa-Villabonako udal taldeek hondakinen bilketa sistema adosteko martxan jarritako negoziazio mahaiak emaitzak eman zituen aurreko astean. Bilketa edukiontzi bidez egiteko aurre-akordiora iritsi ziren EAJ, EH Bildu eta PSE-EE. Errefusa eta organikoa biltzeko ontziek tamaina ertaina eta txip bidezko irekiera kontrolatua izatea proposatu zuten. Astean zazpi alditan ireki ahal izango litzateke organikoa biltzeko edukiontzia eta bi alditan errefusarena.

Aurre-akordioa berresteko euren oinarri sozialekin bilera bana egin zuten EH Bilduk eta EAJk aurreko astean. Alderdi jeltzalearen Amasa-Villabonako batzarrak, adostutakoari hobekuntza batzuk gehitu dizkio, «sistema berria eraginkorragoa izan dadin». Txipa izango duten organiko eta errefusaren edukiontziak asteko egun guztietan eta nahi den alditan erabili ahal izatea eskatu du. «Erabilera mugatua izatea, herritarrengan konfiantzarik ez izatea da eta hondakinen turismoa bezala ezagutzen duguna ez ezabatzea», dio Amasa-Villabonako EAJk, «udalaren zeregina ez da herritarra kontrolatzea, haien beharrei erantzutea baizik. Pertsona bakoitzaren pribatutasun eta intimitatearen aurka joatea da, errefusaren edukiontzia egunero zabaldu ahal izateko udal-zerrenda batean izena eman behar izatea».

EH Bilduren erantzuna

EH Bilduk bere aldetik, aurreko astean egin zuen batzarrean, aurre-akordioa behin betirako onartzea erabaki zuen -%92ren oniritziarekin-. «Guk gure oinarri sozialari ez diogu akordioa aldatzeko eskumenik eman. Alderdiok geure buruari gaiaz eztabaidatzeko foroa eman genion eta honenbestez, negoziazio mahai horretan egin beharko lirateke proposamenak eta ez, EAJk egin duen bezala, prentsara oharrak bidalita», esan du EH Bilduko zinegotzi Xabat Labordek.

Hala ere, «zalaparta mediatikotik» ihes egin eta erantzukizunez jokatzeko deia luzatu die Labordek gainerako alderdiei: «Prest gaude negoziazio mahaian edukiontziak zabaltzeko maiztasunaz eztabaidatzeko. Guk marra gorri bakarra jarri dugu eta aurre-akordioko azkeneko puntuan jasota dago. Ezartzen den sistema ezartzen dela birziklatze tasa %70era iristen ez bada, neurri zuzentzaileak hartzeko konpromisoa aipatzen da bertan». Negoziatzen jarraitu ahal izateko baldintza hori onartzeko eskatu zion udal gobernuari EH Bilduren udal taldeak asteartean egindako bileran eta erantzunaren zain geratu dira.

Bien bitartean eta Iban Agirre alkatearen esanetan, negoziazioak «bide onean» doaz, «pribatutasunaren inguruko eztabaida gainditua dago eta behin betiko akordioa lehenbailehen lortzea espero dugu». Hurrengo egunetan bilduko da oposizioarekin.

Ez diogu hau kapritxo hutsagatik: lagun gaitzazu . Eduki hau guztia doan ikus dezakezu euskarazko hitzik gabeko Tolosaldea ez dugulako irudikatzen. Atarikide, iragarle eta erakunde askoren laguntzarik gabe ez litzateke posible hori. Gero eta komunitate handiagoa sortu, orduan eta sendoagoa izango da Ataria: zurekin, zuekin. Ez utzi biharko gaur egin dezakezun hori: egin zaitez Atarikide!


EGIN ATARIKIDE!