Adostutako aurre-akordio aldatzeko proposamena egin du Amasa-Villabonako EAJk

Ataria 2016ko ots. 3a, 16:39

PSE-EEk oniritzia eman dio aurre-akordioari eta erabakia berresteko batzarrak egin zituzten atzo EH Bilduk eta EAJk. Koalizio abertzalearen bileran parte hartu zuten herritarren %92ak baiezkoa eman dio bilketa sistema berriari. Alderdi jeltzalearen Amasa-Villabonako batzarrak, ordea, aurre-akordioa "nabarmenki" hobetzeko azken proposamena luzatu du

Astearen hasieran publiko egin zen aurre-akordioaren arabera, hondakinak bost edukiontzitan biltzea adostu zuten udaleko talde politiko guztiek. Errefusa eta organikoaren edukiontziek tamaina ertaina (2.200 litroko edukiera) eta txip bidezko irekiera kontrolatua izatea proposatu zuten aurre-akordioan. Astean zazpi alditan ireki ahal izango litzateke organikoa biltzeko edukiontzia eta bi alditan errefusarena.

Amasa-Villabonako EAJren udalerriko batzarrak egindako ez-ohiko bileran, aurre-akordioa aldatzeko proposamena luzatu die PSE-EE eta EH Bilduri. Besteak beste, "errefusa asteko egun guztietan biltzeko" aukera aipatzen du. Horrekin batera, "beira, ontzi arinak eta papera biltzea asteko egun guztietan, sortzaile bereziekin adostu bezala kartoia astean bi aldiz eta errefusa astean behin jasotzea eta konpost guneak mantentzea" erabaki du EAJren udalerriko batzarrak.

Aldaketa hauekin Amasa-Villabonako herriak hondakinen bilketarako "sistema ezin hobea" izango duela uste du EAJk, "eta behingoz guztientzat kaltegarriak izan diren tentsio eta enfrentamendu politikoekin amaitzea lortuko da. Alferrik galdu ezin dugun aukera baten aurrean gaude". 

EH Bilduren erantzuna

Udal talde guztiek adostu zuten aurre-akordioaren "defentsa" egingo dutela berretsi du Amasa-Villabonako EH Bilduk eta esan du negoziazio mahaian eztabaidatuko dutela EAJren proposamen berria. "Gaur gaurkoz mahai gainean dagoen proposamen bakarra alderdiok adostutakoa da eta hori defendatuko dugu guk, gai honetan akordioa lortzeak balio handia baitu".

Hondakinen bilketa sistema berri bat adosteko prozesuaren orain arteko balorazio positiboa egin du koalizioak: "Iritzi eta eredu ezberdinak dituzten alderdien arteko elkarrizketa eta negoziazio honek, gora beherak gora behera, borondatea baldin badago akordioetara iristeko aukerak daudela erakutsi baitigu". Amasa-Villabonako EH Bilduren ustez "akordio honek Amasa-Villabonan gai honen bueltan azken urteetan izandako liskar politiko-mediatikoari amaiera emateko balio behar luke".

Atzo arratsaldean Gurea zineko erakusketa aretoan egin zen EH Bilduk deitutako batzar irekian, aurre-akordioa behin betirako onartzea erabaki zuten koalizioko militanteek. Azken erabakia bozka bidez onartu zen: %92ak akordioaren alde egin zuen, %4k kontra eta beste %4k abstentziora jo zuen.


 

 

Ez diogu hau kapritxo hutsagatik: lagun gaitzazu . Eduki hau guztia doan ikus dezakezu euskarazko hitzik gabeko Tolosaldea ez dugulako irudikatzen. Atarikide, iragarle eta erakunde askoren laguntzarik gabe ez litzateke posible hori. Gero eta komunitate handiagoa sortu, orduan eta sendoagoa izango da Ataria: zurekin, zuekin. Ez utzi biharko gaur egin dezakezun hori: egin zaitez Atarikide!


EGIN ATARIKIDE!