Villabonan hiru final handi jokatuko dira larunbatean

Asier Imaz 2015ko abe. 30a, 09:19

Argazkia: Behar Zana

Amezketan, nazio mailako txapelketaren azken final laurdenak jokatuko dira

IV. Antton Pebeten Oroimenezko Txapelketaren finalak larunbatean jokatuko dira, Villabonako Beharzana pilotalekuan. Jaialdia 16:30ean hasiko da. Tolosaldeko ordezkari bakarra egongo da final horietan: Albizturko Xabier Telletxea.

Iazko ediziotik finala errepikatuko duten pilotariak Zubizarreta eta Kastillo izango dira, beste guztiek lehen aldiz jokatuko dute txapelketa horretako azken partida. Izen handiak bidean geratu dira, eta horrek erakusten du edozeinek edozeini irabaz diezaiokeela. Larunbateko partidak handiak izango dira.

Azken final laurdena

Euskal Herriko Pilota Elkarteen Arteko II. Nazio Mailako Txapelketa ari dira jokatzen Amezketan, eta igandean, azken final laurdenetako partida jokatuko da. Huartek eta Buruzgainek neurtuko dituzte indarrak. Irabazleak aurrera egingo du, finalaren atarian jokatuz. Aurrera Saiaz izango da finalerdietan egongo den Tolosaldeko ordezkari bakarra.

Igandeko partiden inguruan, Larrunarri pilotalekuan izen handiko pilotariak ikusteko aukera egongo dela azpimarratu behar da. Lau t'erdian Yoldi eta Garraldak neurtuko dituzte indarrak. Frontoi osoan, Laso eta Otxotorena ariko dira, eta binaka, Etxebarria-Lintzoain, Iriarte-Landiribar. Izenak kontuan hartuta, Huarte izan daiteke faborito, baina argi ibili beharko dute.

Kadeteak: Murua-Egiguren eta Ibarloza-Iriarte

Murua-Egiguren. Aurrean nahiz atzean. Arrasatearra eta azpeitiarra txapelketan postuak aldatuz ibili dira. Ea finalean nola jokatzen duten. Biak oso pilotariak dira.

Ibarloza-Iriarte: Maila oso ona. Markinarrak badaki pilota astintzea zer den. Azpeitiarrak pilota luze jartzeaz gain, artista sena dauka.

Jubenilak: Eskiroz-Zubizarreta eta Mariezkurrena-Oiarbide

Eskiroz-Zubizarreta. Aurrelari ataundarra izugarrizko boladan dago. Eskirozek ez du pilotarik galtzen atzean. Txapela irabazteko faborito garbiak dira.

Mariezkurrena-Oiarbide: Goruntza. Iruñeakoak eta Astigarrakoak hobekuntza handia egin dute. Hobetzen jarraitzeko bidea daukate, gainera.

Nagusiak: Ugalde-Telletxea eta Azpiri-Kastillo

Ugalde-Telletxea. Bikote handia. Oiartzuar gazteak ezker aire bikaina dauka, eta Albizturkoak afizionatuetako ezkerrik ederrena.

Azpiri-Kastillo: Joko puntu handian. Elorriokoak pilota bizi-bizi ibiltzen du. Etxabarrikoa afizionatuetan dagoen atzelaririk onenetarikoa da.

Ez diogu hau kapritxo hutsagatik: lagun gaitzazu . Eduki hau guztia doan ikus dezakezu euskarazko hitzik gabeko Tolosaldea ez dugulako irudikatzen. Atarikide, iragarle eta erakunde askoren laguntzarik gabe ez litzateke posible hori. Gero eta komunitate handiagoa sortu, orduan eta sendoagoa izango da Ataria: zurekin, zuekin. Ez utzi biharko gaur egin dezakezun hori: egin zaitez Atarikide!


EGIN ATARIKIDE!