Villabonako Udalak manifestaziora deitu ez izana salatu du EH Bilduk

Imanol Garcia Landa 2015ko abe. 29a, 17:35

Iaz egindako mobilizazioa Zizurkilen amaitu zen.

Presoen eskubideen aldeko manifestazio isila egingo da bihar, Aiztondoko hainbat udalek deituta. Iban Agirre Villabonako alkateak azaldu duenez, «udalak bat egiten du mobilizazioaren helburuarekin».

Amasa-Villabonako EH Bildutik «gogor» salatu dute Iban Agirre alkateak eta Amasa-Villabonako EAJk, Aiztondoko presoen eskubideen aldeko mugimendutik, bihar egingo den Aiztondo bailara mailako manifestaziora begira, «eskatutako konpromisoak ez betetzea». Zehazki hiru konpromiso aipatu dituzte: manifestu bat adostea, manifestaziorako deialdia egiteko prentsaurrekoan parte hartzea eta manifestazio egunean pankartan udaleko ordezkari bat izatea. EH Bildutik azaldu dutenez, «ez dugu inondik inora ulertzen zein arrazoik bultzatu dituen erabaki hori hartzera eta publikoki azalpenak ematea exijitzen diegu».

Iban Agirre alkateak azaldu duenez, «EH Bildukoei komentatu nien gu erabat ados gaudela manifestazioaren helburuarekin». Agirrek gaineratu duenez, «beraiek eskatzen zuten udal gobernuak parte hartu behar zuela manifestazioan eta komunikazioan. Pankarta eramateko, adibidez, ez dut nire burua ikusten. Eta nik esaten nien, hau beraiek bultzatu dutenez, udalaren izenean ere beraiek joateko». Mobilizazioaren helburuarekin ados daudela berretsi du alkateak, eta gaineratu du: «Gero, manifestaziora joan edo ez joan, bakoitzaren esku geratzen da».

EH Bilduk gogora ekarri du abenduaren 31n egiten den manifestazioa «euskal presoen giza eskubideen urraketak salatzeko eta Espainiar eta Frantziar gobernuei dispertsio politika ankerrarekin bukatzeko eta gaixotasun larriak dituzten presoen kaleratzea exijitzeko» dela. Aiztondo bailarako udalek, hau da, Amasa Villabona, Zizurkil, Asteasu, Larraul, Alkiza eta Aduna, «azken urte luzeetan mobilizazio horretarako deialdia» egin ohi dutela adierazi du koalizioak, eta gaineratu: «Aurtengoan, ordea, deialdi hau ezin izan da udal guztien artean egin, Villabonako udal gobernuak manifestazio honekin bat ez egitea erabaki baitu».

Duela aste batzuk manifestazio horretarako proposatzen zen mezua Iban Agirre alkateari helarazi zitzaiola azaldu du EH Bilduk. «Hala nahi izanez gero, mezuan aldaketak egiteko aukera ere eskaini zitzaion, ezberdintasunen gainetik manifestazio bateratua egitea izan baita bultzatzaileen helburua», gaineratu du. «Villabonako Udaleko gobernua gidatzen duen EAJk ordea, ez du horretarako inongo borondaterik agertu eta manifestaziorako aste baten faltan, deialdia ez egitea erabaki zutela jakinarazi zuen Agirrek».

Urriaren 17an presoen eskubideen aldeko Aiztondora! egunarekin Villabonako Udalak bat egin zuela ekarri du gogora EH Bilduk, eta galdera luzatu du: «Zer aldatu da azken bi hilabetetan horrelako ziaboga emateko?». Koalizioaren ustez, Amasa-Villabonako EAJk «sentsibilitate falta izugarria erakutsi du», eta gaineratu du «lotsa eta amorrua» sentitzen duela «urte luzeetan lehen aldiz Villabonako Udala abenduaren 31ko manifestaziorako deitzaileen artean ez egoteagatik».

Amasa-Villabonako EH Bilduk bat egin du manifestazio deialdiarekin eta amasa-billabonatar guztiei parte hartzeko gonbita egin die. «Ostegunean 19:30ean Joxe Arregi plazan izango gara euskal presoen eskubideen alde kalean. Ea behingoz aurtengoa azkena den».

Ez diogu hau kapritxo hutsagatik: lagun gaitzazu . Eduki hau guztia doan ikus dezakezu euskarazko hitzik gabeko Tolosaldea ez dugulako irudikatzen. Atarikide, iragarle eta erakunde askoren laguntzarik gabe ez litzateke posible hori. Gero eta komunitate handiagoa sortu, orduan eta sendoagoa izango da Ataria: zurekin, zuekin. Ez utzi biharko gaur egin dezakezun hori: egin zaitez Atarikide!


EGIN ATARIKIDE!