Larunbatean, 17:00etan hasita Gipuzkoako Bertsolari Txapelketako finalean ariko diren zortzi bertsolarietako bat da Oihana Iguaran amasarra. Finalean egin beharreko ariketak saio klasiko batekoak dira. Mikel Artola alegiarraren iritzian, «Oihanari ariketak ez zaizkio konplikatzen eta hori baino gehiago egiteko ere prestatuta dago. Finalaurrekoetan ariketak xelebreagoak ziren».
Iguaran pozik agertu da txapelketan egin duen bidearekin: «Maiatzean hasita, bide luzea izan da baina oso polita». Etzi, amasarrarekin poz hori konpartituko dute bidea berekin egin duten bertso lagunek, Haritz Mujikak, esate baterako: «Asko maite dugu elkar eta besteen pozagatik beti pozten gara». Txapelketan berak kantatu izan duenetan baino urduriago jarraitu du lehengusuaren ibilbidea Beñat Iguaranek eta bere ustez, «Agerian geratu da Harituzeko gainerakoekin alderatuta, koska bat gorago dagoela Oihana».
Finalera gozatzera joan dadila opa diote lagun eta ezagunek Iguarani. «Publikoa irabaztera joan dadila Ilunbera eta epailerik ez balego bezala kanta dezala».
«Gaur etorri naizelako / denaz erditzeko prestu / haunditan nahi dudalako / zuen plazetan abestu. / Gaur amets hori jaio da / ta atzera bueltarik ez du», Tolosako finalaurrekoan agurreko bertsoan kantatu zuen Iguaranek. Bertsolari izaten saia dadila eskatu dio Artolak amasarrari: «Erakutsi dezala finalarena ez dela izan anekdota hutsa. Eskatu bakarrik ez, eman egin behar zaio bertsolaritzari eta Oihanak orain du emateko garaia». Asmatzen badu plazaz plaza ibiliko den bertsolaria izateko aukera izango du eta gaur egun, Tolosaldean, Iguaranen belaunaldiko bertsolaririk ez dabil postura horretan.
Amaia Agirre da plazaz plaza ibili den aurreko belaunaldiko ordezkarietako bat: «Olatu bat da hau eta olatu horretan ondo surfeatzen asmatuz gero Oihanak bidea egin dezake». Bertsolari izatea ez da gauza erraza askotan bertso eskolan komentatu dion bezala: «Ez da hamarretan hasi eta hamabietan bukatzen den lana. Horretan, ez daukat inongo zalantzarik aurrera egingo duela. Badaki jende artean egoten eta eskarmentua du publiko aurrean, dantzan, esate baterako. Kazetaria da, tratuan moldatzen da eta beraz ez du inongo arazorik izango».
Etorkizun oparoa ikusten diote guztiek Oihana Iguarani eta bertsolari izateko bidean geltoki garrantzitsua du larunbatean Ilunben. Izan nahi duen hori sinistu, lanerako buzoa jantzi eta gozatzeko hitzordua du. Hauspotuko dute eskualdeko bertsozaleek harmailetatik eta herrikideak ere izango ditu inguruan, hauek ere lanean, antolakuntzan.
Finala datutan
ABENDUAK 19, 17:00ETAN
Zortzi bertsolari: Agin Laburu, Alaia Martin, Arkaitz Oiartzabal Xamoa, Beñat Gaztelumendi, Iñaki Apalategi, Jon Maia, Oihana Iguaran eta Unai Agirre.
Bi aurkezle: Saroi Jauregi eta Ion Zaldua.
Sei epaile: Eneritz Azkue, Elisa Iztueta, Maite Sukia, Zigor Leunda, Bakarne Urreaga eta Mikel Lersundi.
Hiru idazkari: Joxe Mari Altuna, Ane Errazkin eta Gorka Segurola.
Antolatzaileak: 100 lagun inguru egongo dira lanean, dena behar bezala atera dadin.
Sarrerak. www.bertsosarrerak.eus webgunean daude salgai. Bertsozale Elkarteko bazkideek prezio berezia dute sarreran, 15 euro. Gaztetxoen sarrera 10 euroan da eta gainerakoena 20 euroan.
Oharrak. Ateak 15:30ean zabalduko dira. Internetez sarrera erosi dutenek 3 edo 10A ateetatik sartu beharko dute aretora. Salmenta gunetan erosi dutenek, berriz, 1 atetik. Hala ere, behin barruan, bertsozaleek batetik bestera mugitzeko aukera izango dute eta nahi duten lekuan esertzekoa ere.
Mugikortasun arazoak dituzten pertsonen beharrak behar bezala kudeatu ahal izateko aurrez abisatzea eskatzen da, gipuzkoa@bertsozale.eus helbidean.