Gipuzkoako Bertsolari Txapelketa 2015

Ion Zaldua, Zigor Leunda eta Amaia Agirre larunbateko finalaz

Jon Miranda Labaien 2015ko abe. 17a, 12:22

Hirurak amasa billabonatarrak dira. Zalduak aurkeztuko du Ilunbeko finala. Zigor Leunda epaile lanetan izango da; eta Amaia Agirre, berriz, antolatzaile gisa ibili da.

Ion Zaldua: «Larunbateko finalean jarriko diren gaiak adostuta daude»

Iazko urte bukaeran hasi ziren txapelketako gai-jartzaile taldean lanean. Ion Zalduak (Amasa-Villabona, 1978) aurkezle lanak egingo ditu larunbatean Saroi Jauregirekin batera.

Zein eginkizun izango duzu larunbateko finalean?
Protokolo aurkezle izango naiz. Saioaren hasieran eta bukaeran izango naiz oholtza gainean. Txapeldunaren izena nik esango dut.

Hainbeste pertsonen aurrean inoiz aritua al zara?
Ez, inoiz ez naiz jardun hainbeste jenderen aurrean. 2003an, Maialenek irabazi zuen txapelketa hartan ere izan nintzen protokolo arduradun. Oholtza gainera igo aurretik urduri egoten naiz, baina gero behin lanean hasita lasaitzen naiz. Kontuan hartu, zuri begira zortzi mila pertsona daudela baina zuk ez dituzula zortzi milak ikusten.

Nola bizi duzu herriko bertsolari bat finalista izatea?
Poz handia eman zidan. Gustura ikusi dut Oihana eta aurtengo txapelketan asko egin duela iruditzen zait.

Prest al dituzue finalerako gaiak?
Bai. Aurreko larunbatean bildu ginen eta osatuta utzi genuen saioa. Gaur edo bihar egingo dugu azken bilera azken orraztua emateko. Baina gaiak adostuta eta jarrita daude.

Zigor Leunda: «Bertsolaritza komunikazio jarduna da eta hori da baloratzen dena»

Gipuzkoako laugarren finala izango du epaile gisa Zigor Leundak (Amasa-Villabona, 1978). Maiatzeko sailkapen fasean eta final laurdenetan jardun du eginkizun horretan. Gogoz ariko da etzi.
 
Zein izango da zure lana Ilunbeko finalean?
Epaile taldean ariko naiz. Sei pertsonek jardungo dugu. Txapelketako antolatzaile taldeak erabakitzen du aldiro, fase bakoitzean, zeinek epaituko duen saioa. Niri duela bi aste hots egin zidaten eta prest agertu naiz.
 
Zeri begiratzen diozue bertsoa epaitzerakoan?
Gauza askori begiratzen diogu. Baina batik bat, zer esaten den da garrantzitsua. Bertsolaritza komunikazio jardun bat da eta hori da baloratzen dena. Ofizioetan, adibidez, lagunari erantzuteak eta elkarrizketa sortzeak garrantzia du. Puntutakoan, azkartasunak du esangura. Gauza asko dira.
 
Erraza egingo zaizu herriko bat epaitzea? 
Bai, noski. Aurretik ere txapelketetan epaitu ditut billabonatarrak eta esan beharrik ez dago horrek ez duela gure erabakian eragiten. Hala ere, ilusioa egiten dit Oihana finalean ikusteak. 17-18 urtetatik ezagutzen dut eskolartekoetan bera kantari zela eta ni epaile nintzela.

Amaia Agirre: «Erruki gabe eta bere onena ematera joango da Oihana Ilunbera»

Amaia Agirre (Amasa-Villabona, 1977) irakasle dabil hezkuntza arautuko ikastetxeetan. Aurretik ere Gipuzkoako finala ezaguna du, oholtza gainetik bizi izan baitzuen 2003an.
 
Nola biziko duzu larunbateko finala?
Gipuzkoako Bertsozale Elkarteko langileoi antolakuntzan lan egitea tokatzen zaigu. Ostiral eguerdian joango gara muntaketa lanak egitera eta larunbatean ikus entzuleak baino dezente lehenago joango gara. Saioan zehar ez dakit zein lan zehatz egin beharko dudan, baina ziurtatu digute saioa jarraitzeko moduan izango garela.
 
Nola bizi duzu Oihana Iguaran finalean egotea?
Pozez. Harituzen ibiltzen diren gazte hauek baino urduriago bizi izan dut txapelketa. Uste baino hobeto ibili dira. Oihanaren izena eta aurpegia jendeari berriak egingo zaizkio, beharbada, baina guk ezaguna dugu eta zenbaterako gai den badakigu.
 
Zer eman diezaioke finalari amasarrak?
Umorea egiten fina da eta ironia da egin dezakeen ekarpenetako bat. Inertziari ihes egitea da lorpenik handiena. Erantzuteak duen garrantziaz jakitun da eta erruki gabe joango da. Bere onena emango du, ziur naiz.

Ez diogu hau kapritxo hutsagatik: lagun gaitzazu . Eduki hau guztia doan ikus dezakezu euskarazko hitzik gabeko Tolosaldea ez dugulako irudikatzen. Atarikide, iragarle eta erakunde askoren laguntzarik gabe ez litzateke posible hori. Gero eta komunitate handiagoa sortu, orduan eta sendoagoa izango da Ataria: zurekin, zuekin. Ez utzi biharko gaur egin dezakezun hori: egin zaitez Atarikide!


EGIN ATARIKIDE!