Gabonetako kanpaina bultzatzeko patinatzeko pista jarri dute plazan

Tolosaldeko Ataria 2015ko abe. 16a, 09:44

Oria merkatari elkarteak bultzatu du patinatzeko pista eta udalaren eskutik bost egunez Gabonetako parkea izango da Bearzana pilotalekuan

Eguberrietako erosketak bultzatu, girotu eta dinamitzatzeko helburuz, patinatzeko pista jarri du Oria merkatari elkarteak Villabonako Errebote plazan. Urtarrilaren 10a arte egongo da irekita, astelehenetik larunbatera, 11:00etatik 14:00etara eta 17:00etatik 21:00etara. Igandeetan arratsaldez zabalduko dute 18:00etatik 20:00etara.

Pistan aritzeko txandak ordu erdikoak izango dira eta itxi baino 30 minutu lehenago izango da azkenekoa. Gabon gau eta Urtezahar egunean 19:00ak arte egongo da pista zabalik eta Eguberri, Urteberri eta Errege egunean itxita mantenduko da. Patinatzen ibiltzeko lau euro ordaindu beharko dira eta adin txikikoek, 65 urtetik gorakoek eta familia anitzekoek bi euroan izango dute sarrera.

Patinatzeko pistarako sarrerak hiru kupoi ditu atzealdean eta Oria merkatari elkarteko bazkide diren saltokietan erosketak eginda, osatu ahal izango da. Behin hiru zigilu lortuta, %50eko deskontua izango dute herritarrek patinatzeko pistako sarreran.

«Ez da haurrentzako ekimena bakarrik, patinatzera helduak ere gerturatu daitezke», nabarmendu dute Oria merkatari elkarteko kideek. Hala ere, urtero bezala, Gabonetako parkea egongo da Bearzana pilotalekuan, aurten, Amasa-Villabonako udalaren ekimenez.

Iban Agirre alkateak aipatu duenez, «urteroko zitari eutsi nahi izan diogu. Bost egunez egongo da zabalik eta askariak egongo dira gerturatzen diren haurrentzat. Ea horrela, festak ahalik eta zoriontsuenak egiten ditugun guztientzat».

Urteroko ohiturari jarraitzeko, elkarteko bazkide diren dendetan erosketak egiteagatik bezeroek opariak lortu ahal izango dituzte. Erosketa bakoitzeko eskuratuko duten boletoa bete eta saltokietan dauden kaxatan utzi beharko dira. Urtarrilaren 12an zozketa egin eta lau opari txeke banatuko dira, bakoitza 1.175 eurokoa.

Argiztatu erabakiarekin, bat

Oria Merkatari elkarteak Aiztondoko Gure Esku Dago ekimenak abenduaren 31n egingo duen ekimenarekin bat egin du. Argiztatu Erabakia izenarekin antolatu dute erabakitzeko eskubidearen alde. Ekimenean parte hartu nahi dutenek elkarteko bazkide diren saltokietan aurkituko dituzte kriseiluak 2,5 euroan.

‘Berria’-ren eskutik 1000 euroko txekea lortzeko aukera

Villabonan erosketak egitea sustatu nahi du Berria-k. «Ona da norberak bere inguruan egitea erosketa eta bide batez, euskarazko sareko kontsumoa bultzatu nahi dugu», azpimarratu du kanpainaren aurkezpen ekitaldian Martxelo Otamendi, euskarazko egunkariaren zuzendariak.

Oria mekartari elkarteko bazkide diren saltoki eta Villabonako beste hainbat Berrialaguna egin dira. Euskarazko komunikabidea babesteko sarean bildu diren 40 dendetan txartel bat izango dute bezeroek eta urtarrilaren 10a bitartean bete ahal izango dute. Otamendik azaldu duenez urtarrilaren 14ean banatuko dituzte sariak: «parte hartzen dutenen artean zozketa egin eta 1.000 euro banatuko ditugu herriko dendetan gastatzeko».

Ez diogu hau kapritxo hutsagatik: lagun gaitzazu . Eduki hau guztia doan ikus dezakezu euskarazko hitzik gabeko Tolosaldea ez dugulako irudikatzen. Atarikide, iragarle eta erakunde askoren laguntzarik gabe ez litzateke posible hori. Gero eta komunitate handiagoa sortu, orduan eta sendoagoa izango da Ataria: zurekin, zuekin. Ez utzi biharko gaur egin dezakezun hori: egin zaitez Atarikide!


EGIN ATARIKIDE!