«Herriko erdigunera ekarri nahi dugu Eguberrietako festa giroa»

Jon Miranda Labaien 2015eko abenduaren 16a

Duela zortzi urte inguru sortu zen Oria merkatari elkartea. 47 kide dira eta urtez urte saltoki gehiago batzen ari dira. Okina da Karlos Agirrebengoa eta elkarteko lehendakari lanak egiten ditu. Idazkari bezala aritzen da Aitziber Cenzano eta liburu denda du.

Zer da merkatari txikiek Villabona bezalako herri bati eskaintzen diozuena?
Karlos Agirrebengoa: Gertuko tratua. Merkatal gune handiak dira gure konpetentzia nagusia. Haien aldean zuzeneko hartu emana da gurea.
Aitziber Cenzano: Aparkalekuek, ordutegiek... horrek guztiak badu zerikusia. Baina gertuko zerbitzurik ez dute ematen merkatal gune handietan. Guk aholkulari lanak egiten ditugu eta erosleek lehen eskutik jaso ditzakete beharrezko azalpena.

Salmentan faktore askok eragiten du.
A.C.: Bai. Adibidez, Zubimusuko obrak eragingo digu, trafiko guztia herriko gunetik desbideratuko baita. Udalaren laguntzarekin lortu dugu lan horiek atzeratzea Eguberriak pasa arte.
K.A.: Aurreko aldian zortzi hilabetez egon zen itxita zubia eta eragin handia izan zuen komertzioan. Bailarako buru egiten du Villabonak eta inguruko herrietakoak ere gerturatzeko bidea egin behar dugu.

Nondik dator patinatzeko pistaren asmoa?
A.C.: Iaztik datorren kontua da. Irunen ikusi genuen eta izugarri gustatu zitzaigun. Orain arte parkea guk antolatzen genuen baina frontoian giro gehiegirik ez zela sortzen ikusten genuen. Martxoan egin genuen urteroko batzarra eta bazkideen artean harrera ona izan zuen proposamenak. Herriko gune nagusian jarri dugu eta uste dugu horrek lagunduko duela Gabonetako giroa jartzen.

Oria merkatari elkarteak kudeatuko du pista. Nola egingo duzue?
A.C.: Langabe zeuden herriko bi pertsona kontratatu ditugu lanerako hilabete honetan. Pista mantendu, patinak zorroztu, garbitasuna egin eta jendeari zerbitzua ematea izango da beraien lana.
K.A.: Sevillatik ekarri dugu pista eta karpa guk jarri dugu. Udalak laguntza eman digu eta udal langileak aritu dira muntai lanetan. Eusko Jaurlaritzak ere babestu du ekimena eta pozik gaude egitasmo honekin.

ATARIA ez da soilik komunikabide bat: komunitate baten ahotsa da, eta urte hauen guztien ondoren, zuen babesa behar dugu, inoiz baino gehiago: ATARIAk behar du Tolosaldea. Horregatik erronka bat daukagu esku artean: gure eskualdeko 28 herrietan hamarna harpidedun berri behar ditugu. Zu falta zara, bazatoz?


EGIN ATARIKIDE!