Eguraldi bikaina, pilota partidua eta txakolina Amasan

Ataria 2015eko irailaren 19a

Uxo Toki elkarteak arratsalde festa ederra antolatu du gaur Amasan. 18-22ko emaitzarekin garaitu dituzte Titin III eta Imaz, Saralegi eta Telletxeak. Gipuzkoako upategietako txakolina eta pintxoak izan dira, ondoren, gerturatutakoentzat.

Arratsaldeko 16:30ean abiatu da Garfek antolatutako pilota partida. Ekaitz Saralegi amezketarra eta Xabier Telletxea albizturtarrak irabazi dute partida 16na berdinduta joan ondoren. Titin IIIa eta Imaz 18 tantotan geratu dira. Bi aurrelariek ikuskizun bikaina eskaini dute zalegoaren aurrean. 200 pilotazale inguru bildu dira Amasako frontoian.

Eta behin pilota partida bukatuta, arratsaldeko 18:00ak aldera hasi da festa Amasako plazan. Gipuzkoako upategi guztietako txakolinak dastatu ahal izan dira, pintxoaz lagunduta. Trikitilari bikote batek alaitu du arratsaldea.

Uxo-Toki elkarteak antolatu du gaurko festa hainbat eragileren laguntzaz, tartean Tolosaldeko Atariaren babesarekin.

ATARIA ez da soilik komunikabide bat: komunitate baten ahotsa da, eta urte hauen guztien ondoren, zuen babesa behar dugu, inoiz baino gehiago: ATARIAk behar du Tolosaldea. Horregatik erronka bat daukagu esku artean: gure eskualdeko 28 herrietan hamarna harpidedun berri behar ditugu. Zu falta zara, bazatoz?


EGIN ATARIKIDE!