Serigrafia ikastaroa eskainiko dute Amasa-Villabonan

Tolosaldeko Ataria 2015ko ira. 17a, 09:59

Villabonako udaleko kultura sailak ikastaro ugari antolatu du 2015-2016 ikasturterako. Urte osoko ikastaroak daude tartean, baina baita udazkenean zehar emango direnak ere.

Ikastaro horietako bat da Virgina Ameztoyk eskainiko duen serigrafia ikastaroa. Azaroaren 3tik 24ra bitartean, astearteetan eskainiko da Villabonako kultur etxean 18:30tik 21:30ra. "Nahikoa denbora bada, baina lau saio motz geratzen zaizkigu azkenean", dio Ameztoyk.

Balentziaga museoan duela urte batzuk hasi zen ikastaroak eskaintzen Virginia Ameztoy. Estanpatzeko teknikak eta ume zein helduentzako tailerrak eskaini zituen. Iaz herrira ekarri zuen ikastaroa eta arrakasta izan zuen: "serigrafiaren prozesu guztia erakutsi nahi dugu hasieratik bukaeraraino. Nola prestatzen den diseinu bat, makinak nola erabiltzen diren eta azkeneko emaitza zein den ikusi arte".

Izan ere, ikastaro honetan parte hatzen dutenek kurtso amaierako proiektua gauzatu ahal izango dute Ameztoyk nabarmendu duenez: "lau saiotan diseinua landu, irudiak prestatzeko erabiltzen dugun insoladora izeneko makina erabiltzen ikasi eta zerbait estanpatzeko aukera izango dute ikasleek". Oihalean, egurrean, paperean edota edozein materialetan izango da lan egiteko aukera.

Kuriositatea dutenak animatu nahi ditu ikastarora Virginia Ameztoyk. "Sortzaileentzako espazio bat izan nahi du honek. Garai batean Artelekun ematen zuten horretarako aukera, baina gaur egun ez dago. Villabonako ikastaroa okasio polita izan daiteke".

Izen emateak irailaren 22ra arte egin ahal izango dira kultura bulegoan, 943 69 16 55 telefonoan eta kultura@villabona.net helbidean.

Ikastaroak

Egur lanketa. 90 orduko ikastaroa. Sacemgo tailerrean. Urriaren 5ean hasita. Astelehenetan 14:30-17:30 / 17:30-20:30. 232€ (Amasa-Villabonan erroldatuentzat) / 327€ (gainerakoentzat).

Pintura haurrentzat. 30 orduko ikastaroa. Larrea 20an. Urriaren 5ean hasita. Astelehenetan 17:15-18:15 (4-7 urte). Ostegunetan 17:45-18:45 (4-7 urte) / 18:45-19:45 (8-11 urte). 91€ (Amasa-Villabonan erroldatuentzat) / 120€ (gainerakoentzat).

Pintura gazte eta helduentzat. 60 orduko ikastaroa. Larrea 20an. Urriaren 6an hasita. Asteartetan 17:30-19:30 (12-16 urte) / Asteazkenetan 17:00-19:00 (helduak). 131€ (Amasa-Villabonan erroldatuentzat) / 243€ (gainerakoentzat).

Zaharberritzea eta arte aplikatuak. 90 orduko ikastaroa. Sacemgo tailerrean. Urriaren 5ean hasita. Astelehenetan 17:00-20:00. 196€ (Amasa-Villabonan erroldatuentzat) / 307€ (gainerakoentzat).
Udazkeneko ikastaroak

Etxeko kontserbak. Hegaluzea, antxoak, tomatea, piperrak, almibarrak, mermeladak… 6 orduko ikastaroa. Javi Rivero eta Eneko Amondarainen eskutik. Irailak 28-29. 19:00-22:00. 18€ (Amasa-Villabonan erroldatuentzat) / 21€ (gainerakoentzat).

Feng Shui. Etxea edo negozioa orekatzen ikasi eta espazio osasuntsuagoak lortzeko. 9 orduko ikastaroa. Lourdes Galarragaren eskutik. Urriaren 17tik 31ra, larunbatetan. 10:00-13:00. 23€ (Amasa-Villabonan erroldatuentzat) / 27€ (gainerakoentzat).

Argazkilaritza digitala. 26 orduko ikastaroa. Asier Larrazaren eskutik. Urriaren 5etik azaroaren 9ra arte, astelehen eta asteazkenetan. 19:00-21:00. Bi larunbatetan eskola praktikoak ikasgelatik kanpo. 75€ (Amasa-Villabonan erroldatuentzat) / 90€ (gainerakoentzat).

Serigrafia tailerra. 12 orduko ikastaroa. Virginia Ameztoyren eskutik. Azaroaren 3tik 24ra, asteartetan. 18:30-21:30. 35€ (Amasa-Villabonan erroldatuentzat) / 40€ (gainerakoentzat).

Ez diogu hau kapritxo hutsagatik: lagun gaitzazu . Eduki hau guztia doan ikus dezakezu euskarazko hitzik gabeko Tolosaldea ez dugulako irudikatzen. Atarikide, iragarle eta erakunde askoren laguntzarik gabe ez litzateke posible hori. Gero eta komunitate handiagoa sortu, orduan eta sendoagoa izango da Ataria: zurekin, zuekin. Ez utzi biharko gaur egin dezakezun hori: egin zaitez Atarikide!


EGIN ATARIKIDE!