50 postu, bihar Irrintzik antolatutako azokan

Jon Miranda Labaien 2015ko ira. 11a, 11:43

Isats gisatu lehiaketan inguruko zazpi elkartek hartuko dute parte

Villabonako Irrintzi elkarteak azoka gastronomikoa antolatu du, aurten, 20. aldiz. Bihar, goizeko 9:30tik eguerdiko 14:00ak arte Araba, Bizkaia, Gipuzkoa, Nafarroa, Iparraldea eta Errioxako produktuak jarriko dituzte ikusgai eta salgai, Zubimusu ikastolak Txerminen duen egoitzaren patioan.

50 postu inguru izango dira eta Jaione Aizpun, Irrintzi elkarteko kideak esan duenez, «kalitate handiko jakiak egongo dira. Tartean eztia, pateak, gaztak, ogia, txokolateak, euskal pastelak, odolki eta mondejuak, fruta, Ibarrako piparrak...». Ardoa, cava, sagardoa, likoreak eta txakolina izango dira aukeran eta artisau lanak ere ikusgai izango dira. «Elkarteko kideok postu bat jartzen dugu eta bertan txorizoa eta edaria banatzen ditugu».

Parte hartuko duten postu guztien artean sariak emango dituzte biharko azokan. Udalaren eskutik jasoko dute dirua eta trofeoa Irrintzi elkarteak emango du.

Isats gisatu lehiaketa

Elkarteen arteko lehiaketa izango da aurten ere XX. Azoka Bereziaren barruan. Zazpi izango dira parte hartuko duten elkarteak. Herrikoak bertakoak diren Irrintzi, Behar Zana, Zunbeltz eta Ubane, Amasako Uso Toki, Zizurkilgo Urkamendi eta Asteasuko Aitzondo.

Eguerdiko 12:00etarako aurkeztu beharko dute platera eta horiek epaitzen, Ongi Etorri jatetxeko Arantxa eta Elena Lazkano, Sutondoko Jose Mari Yarza eta O´babako Jose Civit egongo dira. Elkarte irabazleak bi lagunentzako afaria jasoko du eta, horrekin batera, trofeoa. «Bost urtetan saria hiru aldiz irabaziz gero, betirako geratzen da trofeoa elkartean eta berri bat egiten da». Irrintzik du ohore hori, iazko lehiaketa ere irabazi baitzuen.

Ez diogu hau kapritxo hutsagatik: lagun gaitzazu . Eduki hau guztia doan ikus dezakezu euskarazko hitzik gabeko Tolosaldea ez dugulako irudikatzen. Atarikide, iragarle eta erakunde askoren laguntzarik gabe ez litzateke posible hori. Gero eta komunitate handiagoa sortu, orduan eta sendoagoa izango da Ataria: zurekin, zuekin. Ez utzi biharko gaur egin dezakezun hori: egin zaitez Atarikide!


EGIN ATARIKIDE!